Astekoa

Pepe Mujicaren 'chacra' emankorra

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri

"Politikari guztiak berdinak dira". Horra eskuinak trebe eta sotil antza jendarteratu zuen mantra ezagun bezain ezjakina. Zergatik eskuinak? Hari hau beste baterako utziko dugu, zeren lerro hauetako protagonista berriki zendu den Pepe Mujica da.

Oso bakanetan jasotzen du hildakoan agintari izandako batek Mujicak izan duen aitortza eta miresmena (tira, jaiotzez aldamenekoa zuen Bergogliok ere handia eduki du). Kasu honetan, herrialde ttiki eta xume bateko presidente xume eta apal batez ari gara, baina era berean giza duintasunean erraldoi gertatu dena, eta ondare politikoan emari gaitz eta zabala eskaini duena.

Eskandinaviako edo Zeelanda Berriko goi agintari dexente izan dira austeritatean eta xumetasunean beren jardun politikoa burutu dutenak, baina uruguaitarraren itzala haratago joan da. Hasteko hizketan ari zenean Galeano edo Benedettiren mintzoa airean zela soma genezake. Mintzaira jori eta landua zerabilen Mujicak, bai azalez, baita mamiz ere.

Gaztetan gerrillari (oraindik tertulianoren baten hitzetan terrorista), helduaroan hainbat urtez gatibutasun ankerrenean preso, beti ere jendartea sakon eta zainetik eraldatzea xede, zahartzaroan iritsi zen presidentetzara. Asmo landuen eta proposamen ongi hausnartuen eremutik, kudeaketa gorenera egin zuen jauzi. Gogoan zituen asmo anitz ez ziren lege xedapenetara iritsi, baina beste hainbat helburu gauzatu ziren, eta batez ere gobernabide garden, partekatu eta umil baten aitzindaria izan dugu Mujica.

Mingainean herdoilik ez zuen politikari filosofo eta profetikoa joan zaigu, orain bere ondarearen putzutik gazi, geza eta gozoa ateratzea dagokigu.

Chacrako lurra arin bekio, mila esker Pepe Mujica.