astekoa

Uda beteko beroan

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2025eko uztailaren 28a

Mark Rutte NATOko buruak dio berun eta burdinazko tronutik ez garela Happyland-en bizi eta horrexegatik defentsarako (uler bedi armagintzarako) dirumultzoak biderkatu behar ditugula. Horixe, ez gara Happylanden bizi, eta beharbada ez gara sekula Zorionerri batean bizi izan, baina uda betean gaude eta gizartearen zatirik handiena laborari ez denez oporraldi garaia dgu honako hau.

Ez gara Happylanden bizi, baina, besteak beste, bidaiei ekiteko tenorea dugu, dela hurbilera, dela urrutira, dela hegazkinez, dela autokarabanaz. Kontua da azken hamarkadetan, bidaiak egitearen premia finkatu dela klase ertainaren muin-muinean eta hartara obligatuak-edo gaude, jaizubi luzetxoetan eta udan barrena.

Bidaia luze edo laburrez hornituak edo bidaiarik gabe bedeinkatuak, uda igaroko dugu bero erre eta epelaldien artean, egun argitsuez gozatzen saiatuko garela ahalbait gehien. Udara honek badu Lakuntzan gertaldi txit berezia, Hatortxu rock jaialdiaren despedida, alegia, eta Aizpearron Urmuga kontzertuen baitan emanaldi mamitsua, Guardetxetik ez urrun.

Bero galdak jasate aldera, Tour-a izan dezakegu bitarteko bazkalondo zenbaitetan, edota herrietako festak, baita igerilekuko edota hondartzako txolarteak. Liburuen konpainia ezinago tentagarria ere bada tarteka; hartara, Miren Agurne Meaberen

Amorante frantsesa thriller poetikoa, Haritz Larrañagaren Olatuak sutzen direnean eleberri surflari freskagarria, edo Felix Urabaienen Auzo madarikatua izan daitezke irakurgai eder eta arinak. Mami sakonagoaren bila dabilenarendako berriki zendu den Joxe Azurmendiren edozein liburutan aurki dezake gogoetagarri.

Happylanden ez egon arren, uda zoriontsua!