Izan litezke txistor bertsoak eta lore basatiak, baina izatez Sakanatik ondu eta plazaratu diren azken sorkarietatik bi, Jon Arretxeren Txerriak eta loreak eta Bea de la Vegaren Versos Brutos ditugu. Azalez, morkotsez eta mamiz zeharo ezberdinak dira liburuok, biek ala biek, ordea, Sakanako bazterrak dituzte abiapuntu eta gertalekua.
Oso aspaldikoa da Arretxeren Ostegunak ipuin bilduma underground hura, Gasteizko 90ko giro unibertsitarioan kokatua. Engoitik ekoizpen luze, zabal eta tarteka oso arrakastatsua (Touré detektibearen saga) osatu du Arretxek. Bada, bizileku duen Arbizura ekarri du bere azken sorkaria, Txerriak eta loreak eleberri guztiz noire, ero eta psikodelikoa, hestebetez nahiz eraildakoez lepo dagoen kontakizuna, Arbizu, Altsasu, Gasteiz, Basauri eta Turkia agertokiak dituena.
Beste jite batekoa da Bea de la Vegaren Versos brutos poemategia, Altsasuko diseinugile eta zinemagileak ondu eta argitara eman duen olerki sorta sendo eta ausarta. Autoreak dio gogora etorri ahala idazten zituela poemok, modu intuitibo batez. Emaitza txundigarria da, ale eder eta asaldagarriak dauzka liburuak; familiako genealogia mamitsu eta gogorrak eta naturaren presentziak zeresan handia hartzen dute.
Irakurgaiez gain, ongi hornitua dator euskal kultur agenda Sakanan datozen hilabeteetan. Hara, idazleen saioak: J. Sarrionandia, I. Borda, L.Mintegi, B. Salaberri; musikan Amoranteren emanaldia; Mikel Pagadiren boloa, bertsolariak... Eta azkenik baina ez hutsenik, Artedrama/Axut-en Nor naizen baneki antzerkia, martxoaren 7an Iortian. Badago, beraz zertaz goza kulturgintzaz.