Nire baitako ahots batek diosta oraingo aldi historiko eta histeriko hau orain dela 30 bat urte egosten hasi zela AEBetako think tank batean eta azken hamarkadan lehertu dela bere irakinaldi erre, garratz eta okaztagarrian. Izan ere aspalditxoan "kultura gudua" gero eta maizago aipatzen zuten eskuinaren guru zenbaitek. Ulertzen nuenez Parisko maiatzaren ereintza kiskali nahi zuten aldez edo moldez; ondoko kofradiakoek urrunagora jo eta (Parisek beti iraunen) Iraultza frantsesaren lorpenak oro errotik erauzi, erraustu eta ehortzi gura dituzte, Erdi Aroko taxuketa feudal eta teokratikora itzulera apoteosikoa gauzatu teknologia berriak baliatuz, beti ere Village People-ren biribilketa alaitsuak lagun.
Beste barneko ahots batek, aldiz, azken aldi ustez apokaliptiko honi Putinek ireki ziola zabal ataria, ez Ukrainako hondamendiarekin, baizik eta Grozni lurrarekin berdindu zueneko hartan. Putin eta Trump bezalako itzal zitalek historian beren bideak gurutzatzen dituztenean supremazismo zuri narzisisten aroa nagusitzen da. Txetxeniarekin hasi, ondoren etor daitezke Iran, Ukraina, Artsaj (alias Nagorno Karabakh), Palestina, Sahara Mendebaldekoa, Venezuela, Kalaallit Nunaat (alias Groenlandia), Kuba, Panama eta beste hainbeste.
Beste ahots batek iragartzen dit Trumpek eta bere ipurdi miazkatzaileek mundua ez nahi adina, baina dezente izorratuko dutela eta gudu kulturalean bataila batzuk irabaziko dituztela Jehova nahiz Yaveh-en izena alferrik eta zikin-narras arrastatuz, eta hainbat utopia distopia bilakatuko dituztela teknoinkisidore berrien ahalegin kriminalen bidez.
Beste ahots batek esaten dit hau guztia ez zatekeela gertatuko Angela Merkel egon balitz, beste batek egungo gorrotoaren laudorio hegemonikoari bospasei urte gelditzen zaizkiola, beste ahots batek...