Astekoa

KORRIKA bestondoa

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2026ko maiatzaren 11

Aste batzuk joan dira 24. KORRIKA Bilbon apoteosi betean eta samaldatsu amaitu zenetik eta bihotz begietan laga dituen oihartzun, barne sentimendu eta zapore osteak pitteka-pitteka laketzen ari dira gure gogoaren baitan. Furgoneta iritsi aurreko minutuak, lekuko eskualdaketa, aspaldiko lagunak berriz elkartzea, espero ez genituenak ere bertan ikustea... Hainbeste une hunkigarri izaten ditu KORRIKAk.

Hastapen piriniotar eta zuberotarra ukan zuen edizio honek bukaera industrial eta itsasondokoa izan zuen erramu igandez eta litekeena da inoizko parte hartze handiena ezagutu duena izatea. Hedabideetan (sare sozialak barne) ere presentzia handi samarra eduki du aurtengoak, eta ez beti laudorioz edo lausenguz. CCOO kanpoan gelditzeak, pankarta edota argazki batzuen agertzeak hauts batzuk astindu ditu eta iritzi ugari alde eta aurka gurutzatu dira. Espero dezagun hurrengo ediziorako ahaleginean indar eginen dela sektore zabalagoak batze aldera.

Nolanahi ere den, KORRIKAren helburua (Euskararen aldeko jarrera egunerokoan gauzatzea, alegia) ez da bi astetan erdiesten, KORRIKAri hamabigarren eguna ere ailegatzen zaio eta hortxe daukagu lantegia gero. Javier Casteigek oso argi biltzen zuen behar hori GUAIXEn: "Emozionalki badago atxikimendu hori. Praktikoki eta erabilpenean (nabarmentzea nirea da) beste kontu bat da". Edota Altsasuko EHEkoek aldizkari honetantxe agerian paratzen zuten ideia: "Euskaraz bizitzea da benetako erronka. (...) Euskara oinez eta urratsez aldarrikatzetik hitzez aldarrikatzera".

Hortaz, badakigu zein den erronka eta xedea, 24. KORRIKA igaro da, baina Euskara edonora, geure solasaldietara eta bizitzetara egunerokoan eramatea da benetako lantegia.

Heldu den urtean, Euskaraldia, hantxe algara gutxiago eta belarri eta aho gehiago beharko dira! Esaera zaharrak dioen bezala:

Burdina sutan probatzen da.