Mitoaroa San Joan bezperan

Erabiltzailearen aurpegia Raf Atxuri 2026ko ekainaren 29a

Iragan aste hondarrean gertatu da Mitoaroaren azken atala arrakasta eta ospakizun betean.

Bi sanmameskada bete Euskal Herriko hiri buruzagian ez, baizik eta planetako hiriburuan gauzatu da ikusgarria Donibane gauetik gertu-gertuan.

Emanaldiek ikusentzuleen mira eta txundimena erdietsi zuten, bai kontzeptu bisualarengatik, bai ikuskizunak zekartzan bestelako osagai eszenikoengatik, halako moldez non ez dakigun nola izendatu ikuskizun hau: opera distopiko-elektronikoa, akelarre orwell-tar futurista, mezaberri paganoa, La Furarena edo Calixto Bieitorena ez den artefaktu performatiboa... Nolanahi ere den, euskal kultur ondarean mugarri itzela ezarri duen eszena-gertakaria da, zalantzarik gabe.

Eduki nahiz asmoari dagokionez, zalantza sortzen zait esan, iradoki edo transmititu nahi denaz. Euskal mitologia osagai batzuk bitarteko, eta gure historiako zenbait erreferente ekarriz (Orreaga , Iparragirre, Kortabarria/Iribar) hainbat hausnarbide politiko, espiritual eta filosofiko aletzen dira. Nik, ordea, ez dut garbi antzematen ideia edo xede hori. Munduak egun zeharkatzen duen distopialdiaz gogoeta indibidual eta kolektibo bat egiteko proposamena da?

Orain arrakasta larri eta gaitzaren zukua eta salda liseritzeko aroa heldu zaio

Zetak-i, baita etorri diren kritiken (aldeko eta aurkakoen) edukia soseguz gogoeta egiteko. Itsasgora handia ekarri du honek guztiak. Lantegi eder eta galanta.

Azken ohar bat. Asteburuko aldarrikapen edo akelarre neopagano hau katedral handios batean ospatu zen. Beraz kontuz, Reparaz ez ote duen joko, Lete eta Joxean Artze astindu zituen bezala itzulerazko epifania batek. Han izanik hona gara.