2003koan Europak pairatu zuen kanikula txit larria. Batzuek salbuespenezko egoera izan zela iritzi zioten bitartean hainbat adituk gaztigatu zuten serioski bero sapa jasanezin horiek ohikoak izanen zirela aurrerantzean.
Esan eta gertatu, geroztik izan dira hainbeste berote latz uztail eta abuztuan zehar. Inoiz ez. ordea, ekaina ere hartu duena. Herritarrak hasieran sinetsi ezinik, etxetresna saltokietan aire mugigailuen xerkan ibili dira, aste itogarri haiek arinxeago igarotzeko menturaz. Izan ere, uda honetako beroerre, idor, ihar eta lehorrak bazterrak eta jendea ongi izorraturik utzi ditu ondoez etengabe batean, goiz, arratsalde eta gau. Betor udazkena, hortaz, ahalik eta lasterren.
Besterik ere eduki du udak, Guaixeren milagarren zenbakia, esate baterako. San Fermin garaian iritsi zen. Mila zenbakiotan barrena astekari honek (hastapenean hilabetekari) Sakanako berri eman du, arin eta jostari, luze eta sakon, mota guztietako albisteak eta erreportajeak ekarriz, milaka sakandarren irudiak, elkarrizketak eta iritziak paperera eta sarera ekarriz. Guaixe hamarkada hauetan ezinbesteko tresna eta erreferente bilakatu da Burunda-Aranatz-Arakil eskualdean. Betoz beste mila.
Ceutako gertakari konplexuak, bestalde, erakutsi digu, egungo interes geoestrategikoen neurria. Eragile dexentek parte hartzen duten partida da, eta Maroko (giltza nagusia duena) ixilik dago. 140 lagun inguru hil ziren itsasoan, eta Ceutan sarturiko hainbat neskak sexu erasoak sufritu dituztela aipatzen da.
Abuztuaren 12an eklipsea izan genuen ilunabar liluragarri batean. Ilargi eta eguzkiaren arteko jolas zoragarri eta efimero bat, naturak tarteka eskaintzen duen opari eder horietako bat.
Udazkena ere argi bizi, ñabar, eta xarmagarriaren tenorea da, argi berezi eta itzal motelen garaia. Udazkenaz goza gaitezen.