Azken hamarkadan munduan barrena hats gaizto, txikiziozko arnas berritu bat dabil politikaren eta herrien eta gizakien arteko harremanbideak bihurrikatzen.
Eta ez da kasualitatea duela hamar urte orain Etxe Zurian bizi den ero lanjerosa AEBetako hauteskundeetan nagusitu izana. Gorrotoaren mintzoa eta praktika giza historiaren eragingarri horietako bat izan da hasieratik. Gorrotoa supremazismoaren guraso, gerlen akuilu, xenofobiaren ondoko, esklabismoaren alboko eta matxismoaren eta homofobiaren elikagarri. Pentsabideen eta erlijioen jarioak, ordea, gorroto hitzaren nabarmentzea apaldu zuen halako manera dotore batez non izena saihesten zen baina izana eragina oso letala zen. Hitzetan ez, ekintzetan bai, alegia.
Hala iritsi ginen XXI. mendera, 2. Mundu Gerrarenak ahaztu samarturik, Koreakoa eta Vietnamekoa atzendurik eta Bosniako eta Ruandako genozidioarenak bazterrean utzita.
Bada, gorrotoa ele, solas eta diskurtso itzuli da bere gordin eta narras osoan; egia da Trumpen aholkulariek berba horretan ikusi zutela sekulako ahal eta bide emankorra politikan etekin potoloak ateratzeko, eta Europan eskuin muturrak aise eta bizkor bereganatu zuen herraren adierazpidea, zuzen eta zabar.
Lehen rock matxino, zakar eta oldartsuan (beti ere gizartearen azpietatik) erabiltzen zirenak, Le Pen (aita eta alaba), Trump, Farage, Orban, Ayuso, Milei eta enparauen aho eta txioetara igaro ziren hainbat herritarren miresmen eta txalo errazen artean. Azkenaldian Rufian ere antzerki honetan dabil.
Yon Etxaidek 1964an Gorrotoa lege eleberri mamitsua idatzi zuen, Erdi Aroan kokatu zuen kontakizuna. Egun ere gorrotoa ongi saltzen den produktua dugu.