Topikoak dio atzera eta aurrera begiratzeko garaia dugula urte bukaera. Atzera balantzea egiteko eta aurrera aldatu beharrekoak erabakitzeko. Urtea ez da erraza izan. Hamarkadetan lortutako eskubideak abiadura izugarrian galtzen ari gara eta beldurra nagusitzen ari da gizartean. Ez da, ez, ona balantzea.Pentsatu behar dugu zer aldatu dezakegun, geuk, krisi honi aurre egiteko. Krisia ez da bakarrik ekonomikoa eta gaur denok dakigu ez garela 2007 arte bizi izan genuen egoerara itzuliko. Norantz jo atzera itzultzea posible ez bada? Badaude gure artean errealitate minoritarioak, bide berri bat proposatzen dutenak: ekonomia sozial eta solidarioarena. Lan kooperatiboa, merkataritza justua, kontsumo arduratsua, finantza etikoak. Denok hartu dezakegu parte, modu desberdinetan, ekonomia horretan, bizi dugun kapitalismo bortitzari aurre egin ahal izateko. Datozen egunak, kontsumo egunak ere badira. Pentsa dezagun erosten dugun guztia behar dugun, zer baldintzetan ekoiztu den, parte hartu nahi dugun erositako horrek ordezkatzen duen ekonomia motan. Guztion erabakiak esango du noren lanak izango duen arrakasta eta nork egingo duen aurrera: Amancio Ortegak edo Cadena textil justa y solidariak, Banco Santanderrek edo Fiarek, Perun ekoizten duen multinazional handiak edo erriberako nekazariak. Eta ez bakarrik ekonomian, borrokatu beharko dugu baita benetako demokrazian eta solidaritatean oinarritzen den gizarte bat nahi badugu. Ez da erreza aurrean dugun erronka, baina saiatu gabe ezin da inoiz ezer lortu.