Azken urte hauetan ikusi ditugunak ikusi ondoren (preferenteak, zor subordinatua, erreskateak...) zaila egiten zaigu pentsatzea bi hitz horiek, finantzak eta etika, batera joan daitezkeenik. Baina badaude jarduera finantzarioa beste modu batera burutzeko prest dauden proiektuak eta beraiengan pentsatu behar izan dut aurkeztu den Sakana 2020 Plan Estrategikoari buruzko berriak ikustean.
Garapen iraunkorrerako laguntza finantzarioa eskatzerakoan ezagunenak zaizkigun Caixa, BBVA, Santander eta bestelakoetara jo beharrean, jo genezake baita onura desberdinak kontuan hartzen dituzten beste erakunde batzuetara; onura ekonomikoa, noski, baina soziala eta ingurumenarekikoa ere kontuan hartzen dituztenetara. Honelako entitateen artean batzuek luzaro daramate lanean gure artean, Triodos Bank edo Fiare dira ezagunenak. Beste batzuk lehenengo pausoak ematen ari dira, adibidez Koop 57, Katalunian sortu zena 1996an eta orain Euskal Herrian ere zabalduko dena. Ekonomia sozialaren barnean koka daitezken proiektua finantzatzen dituzte eta noski aurreztaileen gordailuak jasotzen dituzte horretarako. Horregatik denok hartu dezakegu parte sistema berri honetan.
Gure diruak gizarte bidezkoago eta berdintsuago bat sortzeko dugun potentzialaz ohartzen bagara aldaketa hurbilago izango dugu. Zein jarduera finantzatzen dugun eta nolako gizartea eraiki nahi dugun erabakitzea gure esku dago. Zeini eta zertarako uzten diogun gure dirua erabaki garrantzitsua da gizarte osoarentzako, gogoeta sakon bat egitea eskatzen digun erabakia, baita gure instituzioei ere.