Uste izan genuen Europa gure arazo askoren konponbidea izango zela. Baina azken hogei urte hauetan konponbide izan behar zena arazo bilakatu zaigu. Elite finantzieroak jaun eta jabe egin dira Bruselan eta estatu sozialak gizartea abandonatu duten estatu bihurtu zaizkigu. Gure etorkizuna erabakitzen duten instituzioek ez dute hiritarren kontrolik, parlamentuak ez du botererik, ipar eta hego Europa urruntzen ari dira. Tarteka“beltzezko gizonen”bixita jasotzen dugu, zenbat ospitale itxi behar diren esanez, zenbat enplegu publiko suntsitu.
Haserrea eta desenkantua zabaldu dira hiritarron artean, nola ez? Badirudi igandean egingo diren hauteskundeetan %60ko abstentzioa egongo dela. Eta badirudi igo egingo dela indar eskuindar gogorrenen portzentaia ere parlamentuan. Haserretuak eta desenkantatuak etxean geratuko omen dira, garai bateko ametsak ahazturik edo abandonaturik. Horixe litzateke gaur egungo agintarien garaipena, ametsak abandonatzea baita derrota.
Daukagun ereduarekin ados ez gaudenok eredu hori aldatzeko borrokatu beharko genuke, eta horretarako igandean pausu txiki bat eman dezakegu. Ez gaitezen etxean geratu, horrek boterean daudenak indartzen ditu. Gure ahotsa parlamentura eraman ahal izateko bihar parte hartu beharko genuke hauteskundeetan. Europa soziala errekuperatzearen alde gaudenok baditugu aukerak, kontsolidatuak eta berriak. Gure zaharrek merezi dituzte azken urte duin batzuk, gure umeek merezi dute etorkizun itxaropentsu bat eta guk ametsak behar ditugu, errealitate bihurtuko ditugun ametsak.