Ekintzaileak

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Otxoa 2014ko uzt. 11a, 06:00

Guaixen Irakurri dugu Sakanan jarrera ekintzailea duten langabetuak behar direla. Etorkizuna hori dela diote, ez bakarrik sakandarrentzat. Lan duin bat nahi duenak bere lan postua sortu egin beharko du. Hortik kanpo autonomo faltsuak, ETTak eta lan baldintza lotsagarriak geratuko dira. Eredua aldatu egin digute eta momentuz moldatzea dela bidea dirudi. Baina ekintzaile bihurtzeko, mentalitate aktibora pasatzeko nahia eta gogoaz gain, beste zerbait ere behar da. Estatuak azken urte hauetan ahaztu duen funtsezko printzipio juridiko baten errespetua: segurtasun juridikoarena. Denok dakigu partidua hasi ondoren ezin direla jokoaren arauak aldatu. Eta hori garrantzitsua bada guztiontzako, are gehiago gaur egun proiektu ekonomiko eta pertsonal berriak martxan jartzen dituztenentzako.

Adibide bat. 2013ko otsailean onartu zen lege baten bidez autonomoentzako (ekintzaileentzako) 50 €ko delako “tarifa plana” bat, gizarte segurantzako kotizazioetan. Ekainean ministerioaren barneko arau baten bitartez erabaki zen “tarifa” hori ez zela beraien enpresen administratzaile ziren ekintzaileentzako. Horrek suposatu zuen baldintza horietan beraien proiektuak martxan jarri zituztenei 300, 400 €ko kuotak (hilero) eskatu zitzaizkiela. Askok bertan bera utzi behar izan zituzten proiektu horiek. Energia berriztailea ekoizten duten ekintzaile txikiei antzeko zerbait gertatu zaie pasa den astean argitaratu den konstituzionalaren epaiarekin. Eta beste adibide asko daude.

Sakanak ekintzaileak behar ditu, baina ekintzaileek marko juridiko egonkor bat behar dute eta hauxe galdatzen duen gizarte informatu eta kritiko bat.