Negua datorkigu, gure basoei ere. Betikoa, udaberriarekin amaitzen dena, atsedenaldirako eta gogoetarako denbora pixka bat ematen diguna. Baina gure basoei betirako negu bat ere badatorkie. Espainiako Gobernuak arrakasta handi bat lortu du Bruselan: Espainia isolatua omen dago energetikoki eta beharrezkoa omen da autopista elektriko berriak eraikitzea merkatu bateratuan parte ahal izateko.
Eta REEk (Red Electrica Españolak) berehala esan du beraiek dutela arazoari aurre egiteko konponbidea: oso garestia den Bizkaiako Golkotik zihoan sare proiektuaren uztea eta beste hiru berriren eraikuntza, hauen artean Euskadi/Nafarroa/Akitaniako sarea. Arias Cañetek, energia komisario berriak, egingo du egin beharreko guztia beraien lagunek irabaziak izan ditzaten (gogoratzen ditugu, adibidez, Maria Dolores de Cospedalen senarrak izan zituen harremanak REErekin). Eta Europar Batasunak diru-laguntzak emango ditu gure basoak suntsitu ahal izateko guztion diruarekin.
Aragoitik beste bi sare pasako dira. Chuntak altxa du bere ahotsa proiektuen kontra. Galizian ere gauza bera, Union Fenosak Fragas de Catasoseko parajean ehun urte pasako 2.000 zuhaitz (gaztainondoak gehienak) botako ditu 132kveko sare baten bidean daudelako.
Aurten argi indarraren prezioa jada %18an igo digute. Zer ez da izango autopista guzti horiek ordaintzeko jarri beharko duguna! Zuhaitzak beharrean lobbiak izango ditugu basoetan. Eta lobbiak ez dute itzalik ematen udaran ezta berorik neguan, lobbiak odola xurgatzen dute. Hau hotza sentitzen dudana udazkeneko egun hauetan!!