Greziarrek urtarrilaren 23an “aski da!!” esan zuten. Eta harrezkeroz hemen gaude, Sakanan ere, Greziari begira, beldurrez eta itxaropenez. Beldurrez irakurtzen eta entzuten dugunaren arabera Europar Batasunean ez delakoz onartzen Greziako Herriak bere agintari berriei emandako mandatua: pobreziaren aurka borrokatzeko mandatua. Erabaki du Europak demokrazia desagertu dela Europan?
Estatuak dituen zorrak osotasunean ordaindu behar direla dio Schäuble jaunak, Alemaniako ekonomia ministroak, obligazioak obligazio direla (inposatutako usura interesak barne). Zordunekin hain zorrotz agertzen den gizon honek ahaztu egin du munduak Alemaniari bigarren gerra mundialaren ondoren egindako zorren %62 barkatu ziola (1953an Londreseko Akordioan). Horri esker altxa zuen Alemaniak burua XX. mendean. Ez du gogoratu nahi Merkel andereak Alemaniak 14 kasutan gainditu zuela defizit publikoaren muga bateratzearen ondoren, indarrean zeuden arauak urratuz. Ez dira agintari hauek kezkatu Greziako gobernuak munduari eskatutako diruarekin armak edo submarinoak erosi dizkienean enpresa alemaniarrei (defentsa ministro bat kartzelatua izan zen 8.000.000ko sobornoa jasotzeagatik Ferrostaal enpresatik, adibidez). Kezkatu dira, aldiz, gobernu berriak hiritar guztiek osasun zerbitzuak izango dituztela esan duenean.
The World Street Journal egunkarian argitaratu da Grezia “erortzen” utzi behar dela (ez dago jada nahiko lur jota?), Espainia ez “galtzeko”. Galdu norentzat? Neoliberalismo gogor honentzat? Merkatu finantzieroentzat?
Eskolan ikasi dugu demokrazia Grezian sortu zela; gai izango dira greziarrak hiltzen ari den demokrazia hori berpizteko? Gai izango gara Europako beste herriok eskutxo bat botatzeko? Itxaropenez eta beldurrez biziko ditugu hurrengo pausuak.