Loti ederra

Erabiltzailearen aurpegia Rosa Otxoa 2015ko mar. 13a, 08:00

Txikitan irakurri ditugun eta gure umeei kontatu dizkiegun ipuinen artean Grimm anaien eta Perraulten ipuinen bertsio bat dago: Loti ederrarena. Hau ekarri dit gogora pasa den asteko Xabier Reparazen idatziak. Sakanako soro asko lozorroan dago, egia da. Zorionez batzuk espekulaziotik libratu dira eta larre jarraitzen dute, oraindik baliotsuak direla pentsatzen duen jendea badagoelako. Denboraldi batez, lurra, eraikitzeko oinarri bat bezala ulertu eta baloratu izan da soilik. Azken hamarkada honetan mundu osoko inbertsio funtsak landa-lurra erosi dute Afrikan eta Asian bereziki (bertako nekazariak botaz, baina hau beste baterako utziko dugu). Milioika metro koadro, beste dimentsio batzuk, baina landa-lurra. Lurra mugatua dago, ezin da ekoiztu, eta behar beharrezkoa dugu kalitate pixka batekin bizi ahal izateko.


Larre politak daude baita gure soroak ere, baina, Xabierrek esaten duen bezala, agian ikusiko ditugu berriro herri osoak elikatzen. Loti ederra esnatuko duten printze eta printzesak behar ditugu horretarako. Formula berriak, gizaldi honetara egokitu daitezkeen lankidetza egitura berriak. Soro horien jabeak ezin dituzte askotan beraiek landatu, adinagatik, denbora faltagatik. Baina egongo da gazte jendea gogo eta indarrarekin. Bururatuko zaigu moduren bat lurra eta lanerako indarra bateratzeko? Kalitatezko elikadura berreskuratzeko eta langabezia murrizteko bideetako bat genuke.