Bizi dugun garai zoro honetan egunero jaikitzen garenetik hamaika gatazkatxotan murgilduta ikusten dugu gure burua. Familia barnean, lanean, gizartean. Gatazka txikiak eta handiak, kolektiboak eta bakarkakoak, alaitasunez garatzen direnak eta gogorrenak, irabazteko itxaropenarekin ematen direnak eta ditugun printzipioen izenean borrokatzen ditugunak. Baina batzuetan bat-batean gatazka txiki eta handi horiek utzi egin behar dira gatazken gatazkari aurre egiteko, biziaren alde borrokatzeko, osasuna berreskuratzeko.
Lehenengo kolpea: diagnostikoa. Altxa egin behar datorrenari ekiteko. Ebakuntza. Kimioa, albo-ondorio guztiekin. Batzuetan radioa ere bai. Aldaketa fisikoak. Nahiz eta burua prest egon gorputzak ezin jarraitu. Bien arteko oreka berreskuratzen lanak. Buruko minak, ikusmenaren momentuzko galtzea, kontzentratzeko zailtasunak. Eta aurrera egin behar, borroka garaitu daitekeelako.
Gatazka gertutik jarraitzen ez duenak ez daki batzuetan zer egin, zer esan. Medikuntzan gauzak asko aldatu direla eta sendatu daitekeela, baikor mantendu beharra dagoela, itxurak garrantzirik ez daukala eta pertsona horren gainetik dagoela? Bai, egia dena, baina hitz hutsak dirudite dagoen minaren aurrean. Eta ez asmatze horretan batzuetan egunek aurrera egiten digute besarkada handi bat eman gabe, animo hitz batzuk ahoskatu gabe. Gure gatazkatxo propioetan galdurik. Barkatu.
Borrokan zaudeten guztioi besarkada bat eta zuei muxu handi bat. Laister arte.