Indarkeria matxistari aurre egiteko protokoloen zentzuaz

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Itaia 2022ko uzt. 1a, 18:10

Jada udari ongi etorria eman diogu eta horrekin batera, aspaldian ez bezala, herrietako jai eta ospakizunez gozatzeko garaia etorri da. Aitzitik, ukaezina da egun festetan jai eredu kapitalista erreproduzitzen dugula eta horrek berekin dakarrela  harreman biolentoen agerpena, hala nola, biolentzia matxista.

Indarkeria matxistak forma asko hartu baditzake ere, kasu honetan, ideologia matxistak bultzaturik, jai giroan nagusi den sozializazio ereduak (alkohola eta bestelako drogak kontsumitzeko nahi kontrolaezina, emakumeonganako kosifikazio eta sexualizazioa, afektibitaterik gabeko sexu-harremanak bilatzeko nahia, jarrera indibidualistak, lan harreman prekarioak…) emakumea mespretxatzeko, erasotzeko, bortxatzeko edota erailtzeko aurrebaldintzak ezartzen ditu. Hitz gutxitan adieraziz, jada sozialki, politikoki zein ekonomikoki debaluatua dagoen subjektua, gogorki desumanizatzea ahalbidetzen du harreman biolento hauen erreproduzioak. Emakume langileon zapalkuntza betikotuz eta gure askapenerako oztopo bilakatuz.


Horren harira, aipatzekoa da honekiko dagoen kontzientziazio falta eta horrekin batera, instituzioetatik proposatzen diren protokoloen hutsune eta gabeziak. Beharrezkoa iruditzen zaigu indarkeria betikotzen duen errealitatea bere osotasunean aztertzea eta hau gainditzera begira baldintzak jartzea, arreta asistentzialetan erori gabe.


Honen aurrean, langileon arteko elkartasunean oinarrituriko antolakuntza urgentziazkoa dela deritzogu, zeinetan denok dugun erantzukizuna eta denok jarri beharra dugun gure aletxoa indarkeria matxistari aurre egiteko zein gure ongizatea bermatzeko. Hala, ITAIA-tik, erasoei erantzuteko zein horien prebentziorako tresnak barnebiltzen dituen protokoloa jarri dugu martxan Altsasuko San Juan eta San Pedrotan. 


Azpimarratu nahiko genuke, protokoloa antolakuntza integral baten parte dela eta bi egun puntual horietan ez ezik, urtean zehar ere indarkeria matxistari aurre egiteko lan egiten dugula Sakanako Itaiatik. Beraz, zuoi zuzentzen gatzaizkizue, batu ITAIA-tik antolatzen ditugun asanbladetara eta elkarrekin egin diezaiogun aurre biolentzia matxistari.

INDARKERIA MATXISTAREN AURREAN ANTOLATU!