Hezkuntza arloan egin diren ikerketa gehienek erakusten dutenez, adin aniztasunaren planteamendua oso positiboa da ikasleen garapenerako. Hasteko, adin aniztasunak imitazioz ikasteko aukerak ematen ditu. Ildo berean, nagusiagoak direnak txikientzako gatazka (kognitibo) sortzaile bilakatzen dira. Jolasean haurrek arauak negoziatu eta birnegoziatzen dituzten bezala, txikiek kontzeptuak ere kolokan jarriko dituzte nagusiagoei erreparatuz. Ezagutza garatuagoa duten haurrak garapen maila baxuagoa dutenentzako irakasle izango dira.
Horrenbestez, taldearen aniztasunak guztientzat aberastasuna dakar, sozializaziorako aukera anitzak eskaintzen ditu eta ikasleei rol ezberdinak hartzeko aukera eskaintzen die. Gainera, nagusiagoak diren umeek bitartekari edo aditu funtzioa izan dezakete momentu batzuetan. Txikienak berriz, hazten doazen heinean, beraiek hartuko dute aditu rol hori eta lehen nagusien ikasle izanak diren era berean, gero beste ikasle batzuen irakasle bihurtuko dira. Are gehiago, ume nagusiek txikienen zaintzarako aukera bikaina izango lukete. Hala bada, autoestimu eta autokontzeptuari begira rolen aldaketa hori oso onuragarria da.
Baieztapen hauetan oinarrituz, Olaztiko Herri-Eskolan ere Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleen arteko taldekatze sistematikoak egiten hasi gara zenbait jarduera burutzerakoan. Modu honetara, ikasle desberdinek elkarrekin ikasten dute, elkarri lagunduz eta elkarreraginean, berdinen arteko ikasketa bideratuz. Astean behin 3 urteko haurrak 3.ziklokoekin elkartzen dira, eta 4 urtekoak 4.mailakoekin. Bi irakaslez lagundurik, irakurketa-idazketa, matematikak edota geografia dira jarduera hauen bidez lantzen ari garen gaitasun edota ezagutza arloak.
Modu honetara, txikienek nagusiagoengandik ikasteko ez ezik, adin aniztasuna lagungarri bilakatzen zaigu haur guztiak gelako dinamikan murgiltzeko, afektibitatea adierazteko, hartu-eman esanguratsuak izateko, besteenganako konfiantza eraikitzen joateko edo lehiaren gainetik elkarlana sustatzeko.
Olaztiko Herri-Eskolako irakasle taldea