EL MARTINETEKO BIDAIAREN NARRAZIOA

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2017ko aza. 2a, 12:29

El Martinet eskolara bisita,bidaiaren narrazioa:

 

 

Joan den urriaren 21ean, El Martineteko eskola, bisitatzeko aukera izan genuen, Arbizuko eskolako langile eta gurasoei esker. Ordutik, ezin izan dugu burutik kendu ikusitako eta sentitutako guztia.  Eta, ingurukoei zaila egiten zaigu hori bera azaltzea, oso zaila baita, hitzekin, hori guztia azaltzea.

Zaila da El Martinet eskolara egindako bisitan ikusitakoa hitzetan esaten, eskola horretan sartzean ezin baita bakarrik begiratu; ukitu, dastatu, usaindu, sentitu, emozionatu, irudikatu, eta  bizi egiten delako.

El Martinet eskola oso gaztea da; 2002. urtean zabaldu zen eskola publikoa da eta, 3-12 urte bitarteko haurrentzako ikastetxea da. Nahiz eta kanpotik oso zatarra iruditu(eraikin goibel eta zekena baita, inguruan dituen fabriken bilgarri antzuen antzera) fatxada jasanezin hori El Martinetek barruan ezkutatzen duen altxorraren azala baino ez da.

El Martinet atea gurutzatzean ametsetako mundu batean bezala barneratzen zara. Hezkuntzarako ideal bat. Bizirik dagoen gunea, haurrei begira, adi egonda, egokitzeko prest dagoena. Beraz, haurrek adierazten dutena kontutan harturik sortua. Eta hoberena, erreala dela .

Besteak beste Rebeca Wild, Loris Malaguzzi, Reggio Emilia eta neurozientzietatik edaten duen eskola da. Bertako langileen prestakuntza eta konpromisoa miresgarri eta eredugarria da. Umeari, haurtzaroari, familiei, hezkuntzari eta munduari begiratzeko beste modu bat islatzen du. Erritmoak errespetatuz, esperimentazioa, ikerketa, sormena, ekimena eta lankidetzaren esparruak, luze eta sakon garatzeko aukerak ematen dituen inguru eder eta atseginen bilduma eskaintzen dizkio umeari. Estetikoki oso zaindua, txukuntasuna nagusi. Proiektua haur bakoitzaren garapen momentuari begira egokitua dago, honek laguntzen du bere autonomia lortzen heldutasuneruntz .

 

Umearen behar eta interesetara ezin hobeto egokitutako espazioek osatzen dute hezkuntza zentro hau. Espazioak harremanatzeko, ikertzeko, bakardadean egoteko, konpartitzeko... Espazio eder, atsegin, landuak, esploratzeko era ezberdinak probokatu eta hamaika hizkuntzari bidea ematen dietenak. Material aberatsa, ongi aukeratua, anitza, zaindu. Eta, aipatutakoa gutxi balitz, natura-baliabideak non-nahi aurki daitezke; modu oso iradokitzailean umeari esperimentazio eta ikerketarako gonbidapenak luzatuz; bai kanpoaldean baita barnealdean ere.

Egunero gertatzen diren bizipenez eskola osoa mintzo da objektu, hitz eta irudi bidez. Lan asko dago, eta maitasunez egina. Benetan guztiok ikusi beharko genuke, konturatzeko beste modu bat posible dela…

Ilusio handia egin digu horrelako hezkuntza eredu bat existitzen dela jakiteak. Batez ere  hezkuntza publikoan aurrera eramatea posiblea dela ikusteak. Egingarria dela ikusteak ere lasaitasuna ematen du.  Itxaropenez itzuli ginen ikusita holako eskola posiblea dela, haurren beharretara benetan pentsatuta.

Lan esparru horretan ari diren profesionalei, gerturatzea biziki gomendatzen diegu, aipatutakoaren ebidentzia ukaezin bat delako. Guztion artean, horrenbeste desiratzen dugun aldaketa baten lekuko izan gaitezkeelako; jakina, gogoa eta indarrak batuz gero .

Bisitan gure gidaritza lanak egiten zuen  irakasleak esan zigun Martineten aritutako ikasleak "deigarriak" direla futbol taldeetan, edo eskolaz kanpoko ekintzetan erakusten duten errespetuagatik. Galdetu genion ia nola lantzen zuten hori eta berak esan zigun "errespetatua izan den haurrak, errespetatua sentitu den haurrak,  besteak errespetatuko ditu" eta honek erabat hunkitu gintuen!

Eta bukatzeko, guraso bezala sentitu genuena adierazi nahi dugu. Bertara sartu orduko, gure seme-alabak han irudikatzen genituen, etengabe, zirkulazioan. Espazio ezberdinetan,  sortzen, esperimentatzen, eztabaidatzen, aztertzen, irakurtzen, probatzen, eraikitzen, margotzen, eratzen, behatzen, saltatzen, igotzen, isurtzen, idazten, bilatzen, adosten, entzuten, dantzatzen… baina, batez ere, disfrutatzen. Ume batentzat ametsetako eskolaren erreplikarik hurbilena delako El Martinet. Zalantzarik gabe, eskola horrek umea zoriontsu sentiarazteko baldintza guztiak biltzen ditu. Ez al dute gure seme-alabek gutxiago merezi?

 

Milesker narrazio hau osatzen partehartu duzuen guztiei!



IMG_20171025_113453.jpg