SAKANAKO ESKOLETAKO IRASKASLEAK ITALIATIK ETORRIAK

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2023ko mar. 21a, 13:42

  “BALIABIDEAK IZATEA EZINBESTEKOA DA BEHAR BEREZIEN TRATAMENDUAN”

Sakanako Herri Eskoletako hiru irakaslek Italiako Aosta bailarako eskolak behatzen jardun dute aurreko astean eta jada etxean daude. Beraiek Arbizuko Herri Eskolako Saioa Alegria eta Aizea Beraza eta Lakuntzako Herri Eskolako Ane Miren Iruretagoiena izan dira. 

 

Non dago Aosta Bailara ? 

Aosta bailara Italiaren menpe dagoen Herrialde Autonomoa da. Alpe inguruan kokatzen da, bai Frantzia zein Suitzarekin muga egiten duelarik. Euskal Herriaren antza handia duen arren, hango mendiak askoz handiagoak dira. 

 

Zergaitik abiatu zarete bertara?

Sakanako Herri Eskolak HEZIGARRI programan bat eginik gaude eta CREENAk (Nafarroako baliabide zentruak) darama programa horren antolakuntza. Haiek bazuten harremana Aostako Hezkuntza Departamentuko langileekin eta bazekiten bertako Gobernuak indar berezia jarrita duela Behar Berezien tratamenduan eta inklusioan. Guk behaketa egin nahi genuen eta Hezigarrikoek ERASMUS + ekimenaren finantziazioa lortu zuten gu hara joan ahal izateko. 

 

Zer moduzko esperientzia izan da zuentzat?

Egia esan, oso gustura aritu gara. Oso ongi hartu gaituzte eta oso jatorrak izan dira beraien egunerokotasuna erakutsi eta gure galderei erantzuten. 

 

Zer nolako irakaskuntza da beraiena, badu antzik gurearekin?

Gureak baino eskola tradizionalagoak direla esan genezake baina halaber, sekulako antolakuntza konplexua dutenak, bai ikasleei ordutegi zabala eskeintzeko zein baliabide desberdinak kudeatzeko. 

 

Nolakoak dira hango eskolak?

Guk ikusi ditugunak eskola txikiak izan dira, gureen antzekoak. Sare publikoa da nagusia, nahiz eta pribatu batzuk egon, erlijioari lotutako ikastetxeak, denak. Ikasleak goizeko 8:30etatik 12:30etara eta 14:00etatik 16:30etara egoten dira eskolan, bertan bazkaldu dezaketelarik. Irakasleek ez dituzte ikasleek beste ordu sartzen baina hemen baino gehiago, bai. Oso kezkatuta daude gurasoei ordutegi zabala eskaintzez eta horretarako, irakasleek gai bat baino gehiago ematen dute talde bat baino gehiagotan. Sekulako antolakuntza dute hori dena bateratzeko. 

 

Zein hizkuntzatan ikasten dute?

Eleanitza da haien irakaskuntza. Bailaran italieraz eta frantsezez aritzea oso arrunta da, adineko jendeak erraztasunez hitzegiten baitu frantseza. Halaere, jardun hori eten egin da historikoki politikaren eraginez eta gero eta indar gutxiago du frantsesak beraien artean. Hori dela eta, bailarari nortasuna ematen dion gai bat denez, edozein langile publikok bi hizkuntzak menperatu behar ditu eta soldatan ere ordaintzen dizkiete osagarri bat bi hizkuntzak jakin beharra izateagatik. 

Aipatutako bi hizkuntzez gain, ingelesa ere goiz goizetik irakasten dute, hiru direlarik bateratuta irakasten diren hizkuntzak, aurreko biei ordu dexente eskeiniz eta gutxi batzuk ingelesari. Noizbehinka saio berean hiru irakaslek ematen dute gai berdina ordu berean, elkarrekin edo hizkuntzetan bananduta, baina helburua denek denetan aritzea da, talde txikietan zein handian.

 

Badu berezitasunik hango jendeak?

Bai, esandako hizkuntza aniztasunari beste hizkera bat gehitu behar zaio, ‘Patois’ delakoa, (‘patuá’ ahoskatzen da). Herri bakoitzean modu batez hitz egiten dute, ezpaitute oraindik hizkera batua osatu. Argitaratu dituzte ipuin batzuk hizkera desberdinetan eta ikasturtean zehar gure bertsolaritza antzeko programetan aritzen dira, haren ezagutza zabaltzeko asmotan. Esan genezake frantsesa eta italieraren artean dagoen frantsesaren dialektoa dela eta herri txikietan oraindik entzun daiteke, bai Italiako mugetatik barrura zein kanpora, Frantziako zenbait bailaratan. 

 

Zerk jo du zuen begia?

Argi daukate baliabideak direla Hezkuntzako premiak asetzeko ezinbestekoa. Guri deigarria egin zaigu bertan dituzten baliabide pila Hezkuntzako Behar Bereziak tratatzeko. Historikoki migrazio puntu bat izan da, lan bila doan Italia Hegoaldeko familiena, baina orain Europatik kanpoko migrante asko dago inguruan, Maghreb eta Bangladeshtik etorritakoak, esate baterako. Biztanlerik gehien duten herrietan batzen dira gehien ikasle migratuak baina ez horrenbeste herri txikiagoetan. Herriak auzo bat baino gehiagoz osatuta daude baina bere politika, herri bakoitzak bere eskola mantentzea da, nahiz eta ikasle kopuruak txikiak izan. 

 

Gomendatzen duzue behaketa egitera joatea?

Bai, erabat. Gauza bat ikasten ez bada, beste bat ikasten da, beti dago zer gehitu norbere eskarmentuari. Orokorrean irakasleok bildurti azaltzen gara gure hizkuntza mailan konfidantza gutxi dugulako, baina muga hori gaindituta, beste guztia erraz egiten da. Guk eleaniztasuna dugu eta baita beraiek ere. Borondatea jarrita, ederki asko molda gaitezke. 

Hurrengo batean aukera hau berriz ate-joka baletor, zalantzarik gabe ekingo geniokeela uste dugu.