Antzerkia eskolan bertan sortua eta ekoiztua dago, irakasle, ikasle eta gurasoen laguntzarekin. Bertan hirugarren mailatik gorako ikasle guztiek hartzen dute parte, 50 ikasle inguruk. Bakoitzak paper txikia betetzen du, bizpahiru esaldi, baina denak, Lakuntzako hizkeran dira. Herritik sortua eta Herriari eskainia dago, Herrigintzan parte hartzen dugulako eta Lakuntzako hizkeraren biziraupenean lagundu nahi dugulako. Helburua herriko hizkera bizirik mantendu eta gure ikasleendako arrotza ez izatea da. Gutxik entzuten dute etxean horrela mintzatzen , eta kalean oraindik gutxiagok! Beraz, erabiltzen hastea beste urrats bat den arren, oraingoan hizkera mota hori ezaguna egiteaz arduratu gara.
Antzezpenak hizkuntzak ikasteko sekulako erraminta direla deritzogu, hiztuna testuinguru batean jartzen dutelako, asko errepikatu beharra dagoelako eta berak esan beharrekoaz gain besteek diotena ere ikasten dutelako, nahi gabe. Bagenekien ikasleek oso gustoko zutela jarduera hau baina oraingoan ere, ez gara oker ibili... Aparta izan da beraien nahia eta partaidetza.
Beraz, etorri nahi duenak atea irekita du eta beso zabalik hartuko dugu... eta jakin, hau hasi besterik ez dela egin!