PALESTINAREKIN ELKARTASUN ASTEA ARBIZUKO HERRI ESKOLAN

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2023ko abe. 15a, 12:10

Abenduaren 11 eta 15a bitartean burutzen ari diren ekintza ezberdinez osatutako egitarau oparoa prestatu dute Palestinarekin Elkartasun astea aurrera eramateko.

Palestina pairatzen ari den egoera dela eta, Arbizuko herriak Marda herri palestinarrarekin sinatutako senidetzari jarraipena eman nahi izan diote herriko eskolan aste honetan.

Horretarako hainbat izan dira aurreko egunotan aurrera eraman dituzten ekintzak; eskolan sortutako “Etxeko giltza” ipuinaren kontaketa saioa, ikasle eta familiarteko solasaldi dialogikoa edota atzo ateak ireki zituen museoaren prestaketa lanak, besteak beste. 

Atzoko egunean, Mardan egondako Jon Lizarragaren hitzaldia izan zuten. Zein baino zein gustorago egon ziren Jonek Mardatik ekarritako kontuak adi-adi entzuten. Horrez gain, sinbolizazioz beteriko ekintza eraman zuten aurrera ere. Ikasle bakoitzak, papiroflexiaz baliatuz, palestinarrekiko elkartasun edo desio mezua idatzi zuen lehenik. Hasierako asmoa komunitate osoa elkartu eta San Joango baselizan Arbizu eta Marda herrien arteko senidetzearen lekuko landatutako Olibondora joan eta bertan ikasle bakoitzak bere mezua zintzilikatzea zen. Baina goiz osoan zehar botatako eurien ondorioz, ekintza eskolako sarreran kokatu duten zuhaiskan egitea erabaki zuten. 

Gaur eman diote arbizuarrek amaiera elkartasun asteari Bingen Amadoz kazetariak eta Txuri Ollo irakasle eta antropologoak eskainitako hitzaldiarekin.