LAKUNTZAKO HERRI ESKOLAKO LH 5. MAILAKO IKASLEEK ASKHEZI PROIEKTUAN PARTE HARTU DUTE

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2023ko abe. 20a, 13:03

Proiektuak ezgaitasuna duten haurren eskolatzea errazteko euskarazko diktaketa sistema berria garatzea du helburu eta “Euroeskualdeko hiritartasuna” deialdiko diru laguntza jaso du.

Ikastetxeetako egunerokoan erabiltzen diren sistema eragileek, ofimatika programek edo onlineko zerbitzu gehienek hizketaren sorkuntza, itzulpen automatikoa eta ahotsaren ezagutza automatikoko sistemak integratuta dituzten arren, horietako gehienak ez dira euskaraz erabilgarriak eta hobekuntza teknologiko nabarmena behar dute.

Azken urteetan, LANGUNEko (Hizkuntzen Industriaren Elkartea) kide diren hainbat erakunde eta ikerketa zentrok lan handia egin dute euskarazko hizkuntza eta hizketa teknologietan: Irakurle Digitala, Elia.eus, Aditu.eus, besteak beste. Hala ere, sistema hauek bi hutsune nagusi dituzte ezgaitasunak dituzten ikasleek erabiltzerakoan; alde batetik, ez daude haurren ahotsekin funtzionatzeko prestatuta eta horren ondorioz akats asko agertzen dira transkribatutako testuetan. Bestalde, ez dute transkripzioan agertzen diren akatsak hizketaz zuzentzeko aukerarik eskaintzen.

Hori dela eta, Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta D ereduko Sare Publikoko Sortzen Elkarteak, Languneren aholkularitzarekin batera eta Orai NLPrengaitasun teknologikoari esker, ezgaitasunak dituzten haurren euskarazko ikasketa prozesuan oso baliagarria izango den euskarazko ahots diktaketako sistema bat garatzen ari dira. Sistema berri honek idazlanak ordenagailuari hitz eginez idazteko aukera emateaz gain, zuzenketak ere ahozko mezuen bidez egiteko aukera emanen duelarik.

Hau guztia aurrera eramateko, plataforma ikasleen ahotsekin trebatzeko alegia, haurren ahotsen grabaketa ezberdinak burutzen ari dira Euskal Herriko ikastetxe bolondres ezberdinetan. Gaurkoan Lakuntzako Herri Eskolako LH 5. mailako ikasleak izan dira euskararen arlo digitalaren garapena eta inklusioa sustatzen dituen proiektu honetan euren aletxoa jarri nahi izan dutenak. Ekimen ederra, benetan.