Ikasleen ahozkotasuna hobetzea xede nagusi duen eskola irratia abian da honezkero Etxarri Aranatzeko San Donato Herri Eskolan. Proiektuak ikasleek sortutako ekoizpen idatziei erabilera funtzionala ematea bilatzen du; prozesuan, komunitatearekin elkarlana, ikasleen motibazioa, ekintzailetza eta ikaskuntza konpetentziala sustatuz.
Dena dela, ez dira eskolako ikasleak izanen irratsaioetako partehartzaile bakarrak. Izan ere, herritar ezberdinak gonbidatuko baitituzte hileroko elkarrizketaren atalera eta horrez gain, nahi duen entzule orok telefonoz zuzenean parte hartzeko aukera izanen du ere. Beraz, eskolako atariak gurutzatu eta herrira zabaltzen den proiektua dela esan dezakegu.
Irratsaio bakoitzak, gai nagusi baten inguruan eskolako ikastalde bakoitzak sortutako ekoizpen ezberdinak jasoko ditu: elkarrizketak, asmakizunak, biografiak, txisteak, kantuak edota albisteak, besteak beste. Lehen emanaldi honetarako hautatutako gaia Sakana izan da; entzuleek, Sakanari buruzko albiste ezberdinak, bailara osatzen duten herriei buruzko informazioa, sakandar ospetsuen biografiak edota herri ezberdinen inguruko asmakizunak entzuteko aukera izan dutelarik. Horrez gain, gonbidatu berezia izan dute lehenengo irratsaio honetan; Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleek Pilar Zabala etxarriarrari egindako elkarrizketan, gerrate zibileko eta frankismo garraiko kontuak izan dituzte hizketagai.
Kazetari gazteen lehenengo irratsaioa entzun nahi baduzue, egin klik eta gozatu emanaldiarekin!