Aste honetan Lakuntzako Herri eskolan herriko ondare eta ohiturak ikasgai

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2024ko urt. 20a, 09:40

Herri eskola ororen zeregin garrantzitsua, belaunaldiz belaunaldi herriko ondare kulturalaren transmisioa bermatzea dela sinistuz, San Saastiñen bezperako asterako  egitaru polita izan dute eskolan. 

Piperropil tailerra

Piperropil tailerra burutzeko, Felipe Andueza izan dute maisu. Izan ere, piperropillak egiten hasi aurretik, Izaskun Anduezak bere aita den Felipe Anduezari piperropillen inguruan herriko euskalkian egindako elkarrizketa entzuteko aukera izan baitute eskolako ikasleek. Testigantza honi esker, Lakuntzeko auskia eskolara gerturatzeaz gain, piperropillen inguruan asko ikasi dute lakuntzar gazteek. 

Behin Feliperen azalpenak entzun ostean, ikasleen txanda iritsi da: geletan orea prestatu eta ikasle bakoitzak bere piperropilla burutzeko aukera izan du. Ondoren, piperropillak erretilutan jarri eta herriko etxe ezberdinetako sutondoetan egin dituzte, ohiturari jarraiki.

Horrez gain, ikastalde bakoitzak, gaur arratsaldean herriko festei hasiera emateko ospatuko den XXIV.Piperropil Txalpeketan aurkeztuko ditu bere piperropilak. Ea zorterik baden!

Danborrada

Hogeita hamar urtetik gora dira urtarrilaren 19an, 00:00etan, Lakuntzako plazan danborrada ospatzen dela eta, nola ez, eskolak bere danborrada txikia eskaintzen du ere.

Horregatik aurten ere ez diote ohiturari hutsik egin eta San Saastin egunaren bezperan, eguerdiko 13:00ean, Haur Hezkuntzako eta Lehen Hezkuntzako 1.mailako ikasleek danborra gerrian eta txanoa buruan, danborrada emanaldi bikaina eskaini dute herriko plazan. Horretarako, LH6.mailako ikasleak izan dituztelarik gidari. 

Argi dago Lakuntzako ohiturak ez direla nolanahi ere desagertuko!