Lakuntzako Herri Eskolako metodologia NUPen ikasgai

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2025eko irailaren 25a

Nafarroako Unibertsitate Publikoak (NUP) Lakuntzako herri eskolako zuzendaria den Maia Ginea Mundiñanoren bisita hartu zuen berriki. Maiak, Magisteritza graduko ikasleei landa-eskolen funtzionamenduari eta metodologiari buruzko hitzaldia eman zien.

Lansaioan Lakuntzako eskolak bere egunerokoa nola antolatzen duen azaldu zuen zuzendariak, ikasgela berean adin ezberdinen arteko ikasleen hurbiltasunaren, pertsonalizazioaren eta lankidetzaren alde egiten duen hezkuntza ereduaren berezitasunak eta indarguneak nabarmenduz.

Honela, etorkizuneko irakasleek lehen eskutik ezagutu ahal izan zuten eskola txikien errealitatea; landa eskolak espazio biziak eta berritzaileak baitira, herrien gizarte-kohesioan funtsezko zeregina betez.

Zuzendariak azpimarratu zuenez, landa-eskola batean lan egiteak abantaila pedagogikoak eskaintzeaz gain —banakako arreta, adibidez—, komunitatearekin lotura estuak garatzeko aukera ere ematen du.

Prestakuntza-saio honen bidez, NUPek landa-eskolek hezkuntza-sisteman duten garrantzia ikusarazten laguntzen du, bai eta etorkizuneko irakasleak prestatzen ere, ikastetxe hauek eskaintzen dituzten erronka eta aukerei aurre egin diezaieten.