Sakanako eskola publikoen jaia, hezkuntza publiko eta euskaldunaren aldeko aldarria

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2026ko apirilaren 25a

Larunbatean, Altsasun ospatu zen Sakanako landa eskola publikoen jaia; eskualde osoko familiak bildu zituen topaketak, jai eta aldarrikapen egun batean. Aurtengoan, Altsasuko Zelandi ikastetxeko guraso elkarteari zegokion jaiaren antolakuntza eta adin guztietarako egitarau oparoa prestatu zuten.

Goizean zehar, parte-hartzaileek hainbat tailerrez gozatzeko aukera izan zuten, besteak beste, aurpegi-margoketa, hena eta txapen tailerrak, joko kooperatiboak, euskal dantzak edota mural kolektibo baten sorkuntza. Giroa eta musika Fandabila txarangaren eskutik etorri ziren.

Eguerdian, hamaiketakoa eskaini zitzaien bertaratutako guztiei, familien arteko topagune eta elkarbizitzarako gune bat sortuz. Ondoren, txikienek “Zelanditxo” eskolako maskotaren bisita jaso zuten, eguneko unerik berezienetako batean. Jardunaldiak aurrera egin zuen ikastetxe ezberdinetako familiek egindako postreen zozketarekin, honela, komunitate osoaren inplikazioari balioa emanez.

Ekitaldian, landa eskola publikoak hezkuntza publiko, irisgarri, inklusibo eta euskaldunaren bermatzaile gisa bailaran egiten duen lana nabarmendu zen, baita kulturen arteko bizikidetzan eta euskararen transmisioan duen garrantzia ere. Hezkuntza-komunitate osoaren elkarlanari ere balioa eman nahi izan zitzaion.

Jaia Altsasuko erraldoien irteerarekin amaitu zen, giro bikainari amaiera emanez eta helburu nagusia betez: Sakanako landa eskola publikoetako familien arteko loturak sendotzea eta euskal eskola publikoaren aldeko aldarria indartzea.