Lakuntzako Herri Eskolak herriko euskalkia eszenatokira eraman du laugarren urtez

Erabiltzailearen aurpegia Sakanako Herri-Eskolak 2026ko maiatzaren 25a

LH3tik LH6rako ikasleek "Ayuntamentube, denona" antzezlana taularatu dute kultur etxea lepo bete duen saioan, Ane Miren Iruretagoienek gidatuta.

Lakuntzako Herri Eskolak ez du hutsik egiten. Laugarren urtez jarraian, ikastetxeko ikasleek herriko euskalkian sortutako antzezlana eskaini diote herriari. Ekimen honek helburu argi eta sakona du: Lakuntzako euskalkia bizirik mantentzea eta belaunaldi berrien artean sustatzea, modu dibertigarri eta kolektibo baten bidez.

Lehen Hezkuntzako 3. mailatik 6. mailara bitarteko ikasleak igo dira eszenatokira, eta lan bikaina egin dute "Ayuntamentube, denona" izenburuko antzezlanean. Udaletxe baten bueltan gertatu ohi diren arazo, pasadizo eta tirabirak islatu dituzte umorez, herritarrei oso ezagunak egin zaizkien pertsonaien bidez: abeltzainak, herriko festetako barrakeroak, alkateak, garbitzaileak eta suhiltzaileak, besteak beste.

Konpromisoak ez du jubilaziorik

Proiektu honen atzean dagoen motorra Ane Miren Iruretagoiena da. Joan den ekainera arte eskolako irakaslea izan bazen ere, eta gaur egun jubilatuta egon arren, Iruretagoienak ez du eskolarekiko eta herriko euskalkiarekiko konpromisoa alde batera utzi. Aurten ere bera arduratu da antzerkia gidatzeaz eta gazteak prestatzeaz, transmisio lan horrek etenik izan ez dezan.

Saioa oso ondo egon zen eta beste behin ere, argi geratu zen herriko eskolak bertako ondarearen trasmisioan egiten duen lana.

Berriz ere, helburua beteta eta eskola zein herria euskalkiaz harro!