Ikasturte hasieran, LH5eko ikasleek hausnartu zuten nolakoa izatea nahi zuten eskolako aldizkaria. Haien ideiak oinarri hartuta, ikasturtean zehar proiektua garatzen joan dira: aldizkariaren egitura zehaztu, edukien antolaketa egin, logoa sortu eta, azkenik, urtekaria maketatu dute.
Aldizkaria egun hauetan banatu da Sakana inguruko hainbat herritan: Etxarri-Aranatz, Bakaiku, Unanu, Dorrao, Lizarraga eta Arbizun. Herrietako denda eta zerbitzu guneetan aleak utzi dira, interesa duen orok eskuratu ahal izan ditzan. Horrez gain, aldizkaria formatu digitalean ere ikus daiteke eskolako webgunean.
Ibilbidea duen proiektua
Trikuharri ez da egun batetik bestera sortutako egitasmoa. Atzean hainbat urtetako lanketa dago, eta bide horretan funtsezkoa izan da ikastetxeko IKASNOVA gela. Duela hiru urte, IKASNOVA gelak eskaintzen dituen baliabideei eta berrikuntza-proiektu bati esker, ikastetxea zuzeneko irrati-saioak grabatzen hasi zen.
Horrela sortu zen Lau Haizetara irratsaioa. Hilero egiten den saio honetan ikastetxe osoko ikasleek parte hartzeko aukera dute, baita herriko hainbat eragilek ere. Urte hauetan, besteak beste, Etxarriko Falejolien ordezkariak, inauterietako ohitura zaharrak kontatu dituen amona batek, alkatesak, festa batzordeko zinegotziak, gozogintzan aritzen den ama batek eta herriko gizarte-langileek hartu dute parte mikrofono aurrean.
Irratsaioak ahozko hizkuntza lantzeko aukera paregabea eskaini die ikasleei, bereziki euskararen erabilera sustatzeko. Hala ere, hasieratik argi zuten idazmena ere indartu nahi zutela, eta horretarako komunitate osoaren parte-hartzea izango zuen aldizkari bat sortzea amestu zuten. Ideia horretatik jaio da Trikuharri.
Etorkizunera begira
Eskola komunitateak espero du aldizkariak harrera beroa izatea eta urtez urte sendotzen joatea. Izan ere, datorren ikasturtean LH5eko ikasleek hartuko dute aldizkaria antolatzeko ardura, eta gaur egungo LH6ko ikasleak izango dira Lau Haizetara irratsaioaren esatari eta gidoilari berriak.
Eutsi horri!