Ikusi besterik ez duzu, Madril bezalako hiriburu batean ekintzaileen egunerokotasuna nolakoa den. Ekintzaile gazte zein ez hain gazteek, beraien bulegoan lan egin beharrean, nahiago izaten dute Co-working space deritzanetan lan egitea.
Zer da Co-working space bat? Ekintzaileen elkarlanerako espazioak dira. Normalean espazio irekiak izaten dira eta erabilera bat baino gehiagoko materialak erabiltzen dituzte mahaiak, eserlekuak, armairuak egiteko...
Eta zergatik aukeratzen dituzte ekintzaileek horrelako espazioak lan egiteko? Ekintzaileen arteko sinergiak eta konexioak lantzeko aukerak dituztelako. Oso xinplea ezta? Ideia bat duzunean eta garatzen hasten zarenean, zure inguruan dauden pertsonen iritziak behar izan ohi dituzu.
Bestalde, pertsonak garen heinean eta ez makinak, proiektua garatzen gabiltzanean kanpoko pertsonen laguntza beharrezkoa da gutako bakoitzak ez baitauzka beharrezkoak diren ezagutza eta esperientzia guztiak. Horregatik, proiektuaren beharrak asetzeko beste pertsona batzuk behar dira eta horregatik ezinbestekoa izaten da ingurumen egoki batean lan egitea. Elkarlanerako espazio hauek pertsonen arteko sinergia eta konexioak bultzatzeko sortu dira.
Sakantzen Sareak, Sakanako beste eragile sozio-ekonomikoekin batera eta Sakanako Plan Estrategikoko akzio planarekin bat eginez, aurtengo urtera begira, Co-working espazio bat sortzeko aukerak aztertuko ditu. Bertako ekintzaileen arteko sinergiak eta konexioak landu ahal izateko eta sortu diren enpresa edota sortzekoak diren proiektuei bultzada bat emateko.
Pausu bat gehiago eta geroz eta gertuago!