Gero eta gorago, aldaketa sakonago

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2014ko ira. 12a, 06:00

Ekainean Unibertsitate Europarrak antolatutako Gazte Ekintzaile Sozialen Txapelketako garaile izendatu gintuen eta uda osoa gelditu gabe ibili gara. Iraila hilabete polita izango da. Irailaren 14tik 21ra, Sakantzen Sarea Madrilen izanen da Unibertsitate Europarrak banatuko digun saria jasotzen. Momentu berezia eta ahaztezina izango da.

Bestalde, ikasturte berriari ongi etorria eman nahi diogu Suedian aurkitzen den Vittra esperientziaren berri emanez.

Vittra esperientziak eskola publikoen hezkuntza sisteman lan egiten du. Enpresa pribatu batek kudeatzen duen arren, diru publikotik finantzatzen dira. Guztira, 27 hezkuntza zentro dituzte eta urte batetik, 16 urte bitarterako hezkuntza sistema eskaintzen dute. 8.500 ikasle dituzte.

Vittra eskolak orain dela 20 urte sortu ziren eta hezkuntzaren erronkei aurre egiteko eraiki ziren. Espazio irekietan lan egiten dute eta espazioen arteko banaketak kristalez egin dira. 120 minutuko ikasgaiak dituzte, ikasleari etxeko lanak egiteko denbora eta guzti ematen diolarik. Ikasle bakoitzak gainera, “Vittra liburua” dauka, norbanakoaren garapena bultzatzen duen plana hain zuzen.

Normalean, ikasleak ez dira lau pareten artean eserita egoten eta beraz, irakasleen rola ere ezberdina da. Kasu honetan, irakasleak ikaslea gidatu, orientatu eta motibatu beharra dauka. Gainera, bakoitzak 20-30 ikasle bitarteko taldeaz arduratu beharra dauka eta bestetik, 1-3 gai bitartean irakasten ditu.

Suediako hezkuntza sistema aldatu duen esperientzia iruditu zaigu eta guztiontzat interesgarria izango delakoan idatzi dugu. Informazio gehiago behar izan ez gero hurrengo web gunean begiratu dezakezue: http://www.vittra.se/Default.aspx?alias=www.vittra.se/english

Besterik gabe, agur t’erdi.