Urtebete eman dugu Sakanako Plan Estrategikoa definitzen. Plan Estrategiko honek hainbat onura ekarri dizkigu: i) zehaztu dugu datozen urteetan alor ezberdinetan egin beharreko lana; ii) partaideen arteko konfiantza eta elkarlana sendotu egin da; iii) definitutako 180 ekintza horiek gauzatu ahal izateko gobernantza eredua finkatu dugu, eragileen arteko lan eraginkorra izan dadin; eta iv) Plan Estrategiko honek inoiz egon den adostasun handiena lortu du, Sakanako Udal Batzar guztietan alderdi guztiek babestu dutelako.
2011ko Azaroan Krisi Mahaian adostutako bide orria gauzatu dugu (Sakantzen Sarea eta Sakanako Garapen Agentzia sortuz eta Plan Estrategikoa definituz). Sakanak bere etxeko lanak egin ditu, denbora laburrean eta elkarlanean. Eta adostasun maila handitu da. Gainera, lan molde proaktiboago eta kolaboratzaileagoa dugu, bai Plan Estrategikoaren motorra diren Sakanako Garapen Agentzia eta Cederna-Garalur-en artean, bai borondatez dihardugun eragile eta pertsonen artean ere. Emaitzak lortzen ari dira, baina ezin ahaztu epe luzerako apustua dela hau. Ulertzeko begira dezagun Goierrin Goiekiren bitartez zer eta nola lortu duten adibidez.
Behin bidea marrazturik, orain Plana garatzeko tresnak indartzeko ordua da, eta horretan Nafar Erakundeen inplikazioa ezinbestekoa da. Larrialdi Mahaian ere adostu zen hori. Nafar Gobernuak askoz ere gehiago egin dezake, baina hori lortzeko gakoa 15 udalerrien eta eragileen arteko batasuna da. Hiru urte hauetan landutako batasuna eta elkarlana ez ditzagun zapuztu, guztion ardura da.
Sakantzen Sarea