Azken hilabeetan Sakantzen Sareak soinu askorik atera ez arren, kameren atzean lanean ibili gara. Gero eta gehiago dira Sakanako prozesuan zein gure emaitzetan interesa jarri duten udal eta eskualdeak. Irailetik hona, Madrilen, Bartzelonan, Iruñan, Sopelan, Arratia bailaran eta Mondragon Unibertsitateko Enpresagintza fakultatean izan gara egindako lana aurkezten.
Sopelako hitzaldian Olatu Leku esperientzia ezagutu genuen. Olatu Leku Angelun kokatzen da eta Ohol gaineko kirolen (surf, skate, snowboard, eta abar) enpresa inkubategia da. Bertan, 40 marka kokatzen dira eta horietatik 8, munduko marka liderrak dira. Enpresa hauen negozio bolumena 1,2 milloi €-koa da. Eta hau dena, 50 kilometroko eremuan. Espazio honen gestioa Estia Entreprendrek darama 2012 urteaz geroztik.
Bertako enpresa gehienak ohol gaineko kirol moda eta osagarrietan lan egiten dute batik bat. Bestalde, nazioarteko enpresa hauen bertaratzeak, bertako pertsonek negozio berriak sortzea ekarri du. Adibidez, diseinu eta sorkuntza enpresak eratu dira, marketing eta komunikazioa eskaintzen dutenak, baita zerbitzu teknikoa eskaintzen duten enpresak ere.
Espazio honek, Angelun ohol gaineko kirolen inguruan ekosistema enpresarial eta kultural txiki bat sortzea ekarri du. Angelu munduko surflari, skate zale edota snowboardlari onenen topaleku bihurtu da. Pertsona eta enpresen arteko elkarlanetik produktuen kalitatearen hobekuntzan lanean dabiltza. Enpresek munduko kirolari onenekin probatzen dituzte beraien produktuak eta kirolariek, beraientzat lagungarriak izan daitezken produktuak sortzen laguntzen dute. Beste zeinu argi bat, elkarlanak produktuen balioa handitzeko balio duela.
Zer egin dezakegu guk esperientzia hau Sakanara hurbiltzeko? Zein arlotan sortu dezakegu guk errendimendu altuko horrelako enpresa inkubategi bat? Eskaladan izan daiteke? Mendiko txirrindulan? Ea etorkizunak zer pairatzen digun.
Urte berri on!