WUAU!

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2015ko mar. 20a, 08:02

Ilbeltzaren 30an, Guaixeren 494. alean, “Sakanan Nafar Gobernuaren ordua da” izenpean artikulu bat publikatu genuen eskualdeko 25 pertsonen sinadurapean. Artikulu hartan, Sakanan azken urtetan landutako garapen prozesuaren berri ematen genuen eta etorkizunean horrela jarraitu ahal izateko Nafarroako Gobernuaren aldetik eman beharreko pausuak azaltzen genituen.

Artikulu hura, aste pare bat lehenago publiko egin zen akordio bat sustatzeko idatzi zen. Ilbeltzaren 13an Nafarroako Parlamentuak guztizko adostasunarekin Sakanako Plan Estrategikoari bere babesa azalarazi zion. Honekin, alde batetik, Sakanak behar dituen baliabideak lortzeko erraztasuna ematea eskatzen zaio eta beste alde batetik, baliabide hauek inplementatzerako orduan Nafarroako Gobernua eragile aktibo bat izatea.

Egunak pasa, asteak pasa, hilabeteak pasa dira eta ez dugu erantzun positiborik jaso. Hobeto esanda, ez dugu erantzunik jaso! Atzera eginez gero, Abian Plataformak martxan jarri zuen Sakanako Krisi Mahaia datorkigu gogora. Bertan, adostasun mailan handiarekin 6 pausu adostu ziren. Hiru pausu Sakanako eragileen eskuetan zeuden. Bete dira! Beste hiru pausu aldiz, Nafarroako Gobernuaren eskumenetan. Erantzuna hutsaren hurrengoa! WUAU!

Hauek dira gure liderrak? Gure gobernariak? Gure ordezkariak? WUAU!

Horrelako lidergo motarekin Foru Erkidego honen etorkizuna kili-kolo egon daiteke. Sakanaren etorkizuna aldiz, ez! Gurea, GURE eskutan baitago. Eta horrela izateko antolatuta eta sarean lan egiten jarraitu behar dugu. Sarea baita gure indarrak gehitzeko metodoa.

Azkenaldian eskualde mailan aukera berriak zabaltzen ari gara. Gure ustetan, guztiok dugu gure lekua eta aukera, baina zuk, zurea aurkitu behar duzu. Proposamen berriren bat egin nahi baduzu sakantzensarea@gmail.com helbidera idatzi dezakezu.

WUAU!