Iazko udazkenean Sakana2020 Plan Estrategikoaren (SPE) sustatzaileak Nafarroako Legebiltzarreko talde guztiekin bildu ginen. Talde guztiek zoriondu eta babesa eman zioten Sakanan egindako lanari, aurretik Sakanako udaletan gertatu bezala. Urtarrilaren 13an Nafarroako Legebiltzarrak aho batez onartutako ebazpenean Nafarroako Gobernuari SPEko sustatzaileekin negozia zezan eskatu zitzaion, Plana diru eta baliabideez hornitzeko.
Bi bilera egin dira Lourdes Goicoechea jarduneko kontseilariekin. Berandu hasi ziren negoziazioak. Iazko udaran luzatu zitzaion Nafar Gobernuari biltzeko lehen eskaria eta Urtarriletik aurrera saiakerak biderkatu. Apirilaren 22an izan zen lehen bilera ordea. Bertan SPEa laguntzeko Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako Mankomunitatearen arteko Hitzarmenaren aukera aztertzea eta proposamen zehatz eta kuantifikatu bat helaraztea adostu zen. Apirilaren 27an proposamen zehatza Sakanako Behatokian onartu zen eta segidan Nafarroako Gobernuari bidali. Nafarroako Gobernuarekin bigarren bilera maiatzaren 21ean egin zen, hauteskundeak baino hiru egun lehenago. Bertan Lourdesek esan zuen proposaturiko Hitzarmena egingarria zela, bai edukiz, bai juridikoki, bai epeetan. Europar araudiari egokitzeko eta xehetasunak zehazteko prozedura onartu zen, aste gutxiren buruan Hitzarmena sinatzeko asmoz.
Hauteskundeak igaro eta isiltasuna iritsi zen Nafarroako Gobernutik. Ekainaren 12an iritsi zen erantzuna: ez zuten negoziatzen jarraituko. Orain esperantza guztiak osatzear dagoen Gobernu berriarekin ditugu. Ea egingarria zen Hitzarmena lehenbailehen gauzatzen den, Sakanak horren premia du eta.
Sakantzen Sarea