Munduko hainbat herrialde ezberdinetatik bidaiatzeko aukera izan dugu (Frantzia, Italia, Alemania, Holanda, Finlandia, Maroko, AEB, Txina, India) eta elikadurak herrialde baten izaera definitzen duela argi daukagu.
Adibidez, AEB “janari azkarra” izeneko filosofiarekin lotzen dugu. Horren adibide berritzailea “Food Truck” da. Ingeleratik euskarara itzuliz gero, kalean elikadura saltzen duten furgonetak esan nahi du. Hauek, bai San Frantzisko zein New Yorkeko kaleetan aurkitu ditzakegu eta Europara ere moda hau iritsi da, Londresera adibidez. Hasiera batean “Food Truck”-ek eskaintzen zuten janaria ez zen oso kalitate onekoa, baina, gaur egun, aldiz, askok kalitate bikaineko elikadurak eskaintzen dizkigute.
Euskal Herriari dagokionez, momentuz ez dago merkatu hau erregulatzen duen legedirik eta horrek, ekintzaile askoren asmoak geldi mantentzera behartzen ditu. Baina ekintzaileak zain daude merkatua erregulatu eta gure hiriburu zein herrietan “Food Truck”-ak martxan jartzeko.
Aldiz, Sakanan eta gure herrietan ez ditugu “Food Truck”-ak behar kalitatezko elikadurak erosi eta jateko. Gure bailarako herri askotan urtean zehar elikadurak erosteko gune garrantzitsuak ditugu eta horietako asko datorren hilabetetan datoz (Irurtzun-Arakilgo azoka, Etxarriko Ferietako azoka, Altsasuko Ferietako Azoka, eta abar). Aurreko igandean, Uharte Arakilen Artzain Eguna ospatu zen eta bertan, Sakanako zein Nafarroako elikagai eta produktuak dastatzeko eta erosteko aukera izan genuen.
Merkatu hauek tokiko garapena sustatzeko ezinbestekoak dira, tokiko produktoreei zuzeneko salmenta errazten baitzaie. Argi eduki behar dugu, artikulu honen tituluak esaten digun moduan, jaten duzunaren araberakoa izango zarela zu.
Beraz, Sakantzen Saretik datozen hilabetetan eskualdean izanen ditugun tokiko ekoizleen merkatuetan parte hartzea sustatu nahi dizugu. Eskualdearen etorkizuna tokiko elikagai ekoizleetan ere badagoelako.
Gu bertan izanen gara!