4.0 INDUSTRIA

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2016ko aza. 11a, 08:19

kolaboratzaileak

Laugarren Industria iraultza hemen da. Makina, tresna, gailu, robot eta pertsonen arteko konektibitatea errealitate bat da gaur egun, bai bizitza errealean, baita industrian ere. Enpresa ehuna estrategia berria diseinatzen ari da, fabrikazioaren paradigma berri honi aurre egiteko. Eta enpresak bezala, eskualde zein autonomia erkidegoak ere hasiak dira 4.0 Industriaren lanketan. Adibidez, Nafarroa zein Euskal Autonomia Erkidegoa.

Baina zer da benetan 4.0 industria? Laugarren industria iraultza deiturikoa, sistema txertatuen garapenak, haien konektagarritasunak eta mundu fisikoaren eta birtualaren bateratzeak ekarri duen eboluzio teknologikoaren ondorioa da.
Prozesu honek, objetuak, tresnak, pertsonak eta informazioa integratzeko erronka izugarria du, eta, horretarako, produktu zein zerbitzu berrien sorketa ezinbestekoa bihurtzen da.

4.0 Industria terminoa Alemaniak sortu zuen. Eta honen berri 2013ko apirilean ACATECH dokumentuaren bitartez eman zuen. Alemaniak ekoizpen industrialerako ekipoen eta soluzioen eskaintzaren buru izaten jarraitu nahi du. Soluzio horiek herrialdeko ekoizpen instalazioetan aplikatzen dira, balio kateak integratuz eta ekoizpen prozesu osoa digitalizatuz.

Beraz, industria eta teknologia, berriz ere, gogor borrokan. Zein baino zein, zeinek garrantzia handiagoa izan, gure ekonomia zein gizartearentzat.

Kasu honetan, hau ez da pentsaera zuzena. Gero eta produktu industrial azkarragoak sortzen ari gara, teknologiarekin erabat konektaturik. Pertsonaren inplikazioa gutxiagotuz, baina, beti ere, profesionalizatuz. Etorkizuneko industrian produktu eraginkor eta teknologikoek dute lekua, eta gure ustetan, industria eta teknologiaren bitartez lortzen diren sistema konektatuak ezinbestekoak bihurtuko dira. Hori da Sakanako industria enpresei zein eskualdeko entitate publikoei luzatu nahi dieguna. Ez gaude geldirik, adibide arrakastatsuak baditugu, baina jarrai dezagun bide beretik lanean.