Ekintzailetza: zer da ekintzailetza?

Erabiltzailearen aurpegia Sakantzen Sarea 2017ko uzt. 21a, 07:55

kolaboratzaileak

Sakantzen Sarea sortu zen unetik, argi geneukan proiektu berriak martxan jartzen laguntzea zela helburua. Sakana momentu gogor batean zegoen eta gure asmoa, talentua zuen edonori bere proiektu propioa martxan jartzen laguntzea zen.

Azken urte hauetan ekintzailetzak asko egin du gora. Bartzelona, Madril, Bilbo edota Iruñea bezalako hiriburuetara joanez gero, ekintzaileak erakartzeko espazioak, inkubazio eta azelerazio programak, entitate publiko zein pribatuak zein inbertsoreak aurkitzea erraza da.

Sakantzen Saretik argi daukagu ekintzailetza ez dela bakarrik espresa-ekimen bat sortzea. Baizik eta, bizitzeko modu bat da eta pertsona bakoitzaren jarrera zein gaitasunekin erabat lotuta dago.

Gero eta gehiago entzuten ditugu “edonor izan daiteke ekintzaile”, “enpresa bat sortzea ez da zaila” edota “nire egoeratik ateratzeko irtenbide bakarra da” bezalako mezu okerrak. Mezu horiek guztiak ez dira zuzenak. Enpresa bat martxan jarri ahal izateko baliabide ekonomiko handiak behar dira. Enpresa motaren araberakoa izanen da inbertsioa ere. Kostu aldetik, adibidez, zerbitzuak eskainiko dituen enpresa baten sorrera merkeagoa da, produktu konkretu bat sortuko duen proiektu bat martxan jartzea baino.

Proiektu berri bat martxan jarri nahi duen edonor, Sakantzen Sarea, Sakanako Garapen Agentzia zein Cederna Garalur bezalako entitateekin harremanetan jar daiteke. Nafarroako Gobernuak ere baditu ekintzaileei laguntzeko mekanismoak. Adibidez, CEIN entitatea. Edota, inbertsioa behar izanez gero, SODENA.

Aurreko astean jakin genuen Altsasuko Udalak ekintzailetza sustatzeko laguntzak martxan jarri dituela. Kasu honetan, langabezian dagoen edonori zuzendua dago. 250-300€ bitarteko laguntza ekonomikoa da.

Bertan gabiltzanok badakigu laguntza hauek eskasak direla. Benetako apustua egin ala ez erabakitzeko ez da ezinbestekoa izango, baina hobe da laguntza hauek izatea ezer ez izatea baino. Jarrai dezagun beste mekanismo batzuk sortzen.