1981eko otsailaren 13an, jasandako torturen ondorioz hil zen Joxe Arregi. 36 urte pasatu dira egun hartatik, eta urtero torturaren aurkako egun gisa gogoratzen dugu otsailaren 13a.
1960-2010 bitartean, Euskal Herrian, 5.022 torturatu daude erregistratuta, akreditatuta, salatuta... Gehiago izanen dira ziurrenik. Sakanan 117 lagun, 117 esperientzia latz bezain ahaztu ezin.
Horrelakorik gehiago ezin da gertatu. Horretarako, lehendabizi aitortza bat egon behar du. Tortura Estatu espainiarrak erabili duen metodo sistematikoa izan dela aitortu behar da, erreparazio bat eman dadin. Azkenik, errepikatu ez dadin, bake prozesu oso eta integral bat bultzatu behar da, militante politikook, ez inork, halakorik inoiz jasan ez dezan.
Bakearen bidean, eremu askotan askatu behar dira korapiloak, horietariko bat desmilitarizazioarena da. Euskal Herriak behar duen polizia eredua, hemen eztabaidatu eta erabaki behar da. Gure ustez, parametro militarista-errepresiboak baztertuz, oinarri demokratiko eta jendartearen zerbitzura jartzeko asmoa beteko duen zerbitzu publiko gisa, kontrol zibil-publikoa oinarrian kokatuz. Egun honetan, tortura jasan dutenak gogoan, herri honen desmilitarizazioa aldarrikatu eta gizarte zibilaren ahalduntzea bultzatzea da ibilbide zentzuzkoena, bidezkoena. Gerra egitera etorritakoek alde egin behar dute hemendik, kalterako besterik ez dira.
"Sakanan 117 torturatu. Bakearen bidean...desmilitarizazioa" lelopean, larunbat honetan 13:00etan Altsasuko Renfeko geltokian eginen dugun konzentraziora deitzen dugu Sakanako bakezale oro, askatasun demokratikoetan sinesten duen oro, giza eskubideak denondako direla aldarrikatzen duen oro.