Tokikom Sariak 2024

"Gure proiektuan bazkideak dira protagonista, proiektuaren erdigunean daude"

Erabiltzailearen aurpegia TOKIKOM 2024ko aza. 22a, 09:07

Ramon Argelina (Madrid, 1981) elDiario.es-eko Bazkideen Fidelizazio arduraduna da. Hedabide horren eredua berezia da, komunikabide tradizionalekin alderatuz gero: bazkideen sostengua du oinarri. Horrek kazetaritza independentea egitea ahalbidetzen diela adierazi du Argelinak, eta bazkideen komunitate horrek duen garrantziaz ohartarazi du

Zer esan nahi du bazkideetan oinarritutako hedabide digital bat izateak?
Harro eta itxaropentsu egoteko zerbait da. Atzean argitaletxe talde handiak eta inbertsio funtsak dituzten beste komunikabide batzuek ez bezala, 95.000 norbanakoren indarra dugu elDiario.es-en, eta hori da gure kazetaritza independentea izatea posible egiten duena. Desinformazioa, zarata eta buloak hazten ari diren garaiotan, informazio zehatza jaso nahi duten pertsonak batzen dira gure proiektuaren inguruan, eta aldi berean, gizarte informatuago, eta, beraz, libreagoa lortzen laguntzen dute horiek.

Zergatik da garrantzitsua komunikabide batentzat komunitate hori izatea?
Irakurle fidelen eta konprometituen komunitateak, sostengu ekonomikoaren bidez, egonkortasuna ematen dio proiektuari, eta beste finantziazio iturriekiko mendekotasuna murrizten du; adibidez, publizitatearekiko.

Zer rol dute elDiario.es-eko bazkideek?
Bazkideak dira protagonista, proiektuaren erdigunean daude. Botere politikoaren, enpresarialaren eta ekonomikoaren presioen aurrean independentzia editoriala blindatu egiten dute horiek. Modu horretan bakarrik argitara dezakegu batzuek jakin nahi ez dutena. Harpidetza ordaintzeagatik abantaila esklusibo batzuk izateaz gain –eduki osoa eskuratzea, eguneroko azala beste inork baino lehenago irakurri ahal izatea, buletin esklusiboak jasotzea edo ekitaldietara gonbidatzea–, elDiario.es-en estatutuetan jasotako eskubideak ere badituzte. Hedabidearen ibilbidea osatzeko modu bat dira estatutu horiek, funtsezko alderdiak arautzen baitituzte: gure lehentasun editorialak, gure kazetarien eskubideak eta betebeharrak, gure kudeaketa ekonomikoa edo gure komunitatearen eskubideak. Adibide bat jartzearren: hedabidearen norabidean aldaketarik proposatuko balitz, proiektuaren buru izango den pertsona boto bidez aukeratzeko eskubidea izango lukete bazkideek. 

Nola aldatu da bazkide kopurua proiektua hasi zenetik hona?
2012an jaio zen elDiario.es, eta ordutik etengabe hazi da; gaur egun 95.000 bazkide ditu. Hazkunde hori esponentziala izan da une jakin batzuetan; hori lortu da garrantzi handiko ikerketa handien eta esklusiboen argitalpenari esker. Halaber, gure balio proposamenaren koherentzia erakusteko aukera ere eman digu hazkundeak: kazetaritza independentea egitea herritarren eskutik.

Zein da joera bazkideei dagokienez?
Esan dezakegu elDiario.es-eko bazkideak leialak eta proiektuarekin konprometituak direla, baina balioei eta printzipioei eusteari lotuta, zorrotzak ere bai. Bermea dira, ez soilik elDiario.es-en bideragarritasun ekonomikoari dagokionez, baita proiektuaren sorrerako izaerari eusten zaiola ziurtatzeko ere. Bazkideen profila ideologikoki aurrerakoia da, eta maila soziokultural ertain-altua dute horiek. elDiario.es-eko bazkideek badakite zertaz hitz egiten duten.

Jendea prest al dago Interneten informazioa jasotzeko? Zer ordaintzeko prest dago, zehazki?
Gizarte gisa aurre egin behar diegun arazo konplexuen aurrean iritzi landua eraiki ahal izateko, egiazko eta kalitatezko informazioa ordaintzeko prest dago jendea. Ez da erraza izan, hasieran dena doakoa zen Internetetik gentozelako. Apurka-apurka, baina, jabetu gara gauzak online egiteak ere baliabide materialak eskatzen dituela. Gainera, pandemia harpidetza digitaleko ereduen azeleragailua izan zen, eta herritarrek hein batean barneratu zuten zerbitzu eta produktu digitalak ere ordaindu egin behar zirela. Gainera, jendea prest dago informazioa pertsona gehiagorengana irits dadin ordaintzeko, horrela lor baitaiteke kazetaritza benetako kontraboterea izatea.

elDiario.es-en eredua berritzailea al da?
Baietz esango nuke. Lurralde guztietan presentzia izango duen nazio mailako hedabidea izateko helburuarekin jaio zen hedabide natibo digitala da elDiario.es. Paperetik datozen eta finantza nahiz baliabide aldetik gurekin konparaezinak diren hedabideekin lehiatzeko xedez sortu zen. Gertatzen dena da, bazkideen laguntzari esker, ekonomikoki independenteak garela, eta horrek aukera ematen digula maila editorialean independenteak izateko. Gainera, gure jabetza eredua ere berritzailea da; elDiario.es-eko akziodunak eta sortzaileak nagusiki langileak dira. Akziodun gehienak kazetariak dira, lerro editoriala independentea izatea bermatzeko eta ezkutuko interesei muzin egiteko beren erredakzioaren jabe izan nahi duten kazetariak.

Nola lehiatu daiteke hedabide digital soil bat edizio inprimatuak dituzten hedabide tradizional handiekin?
Zaila da, komunikabide tradizional handiek baliabide gehiago dituztelako eta audientziak monetizatzeko estrategia komertzialekin askoz oldarkorragoak izan daitezkeelako. Guk, daukagun independentziari esker, eta errealitate horri kontra egiteko, egian oinarritutako kazetaritza zintzo eta ausarta gauzatzen dugu, besteek ezin dutena edo ausartzen ez direna argitaratzeko. Gure posizionamenduarekiko koherentzia hori mantentzea funtsezkoa da pertsona berriek elDiario.es-ekin bat egin dezaten; izan ere, desberdintzeko aukera ematen digu horrek, eta aldi berean, gure lana egiten jarraitu ahal izateko herritarrei kuota ordaintzea eskatzeko zilegitasun osoa ematen digu. Gainera, harrotasunez esan dezakegu guk ez dugula harpidedunik; bazkideak ditugu, eta horiek eskubideak, ahotsa eta boto dituzte, babesa ematen digutelako.

Zerk bultzatzen du doan kontsumitzera ohituta dagoen erabiltzailea informazioagatik ordaintzen hastera?
Faktoreak bat baino gehiago direla esango nuke. Lehenik eta behin, egiazko eta kalitatezko informazioa eman behar zaio erabiltzaileari. Bestetik, ordaintzen duenari trukean benetako zerbait eman behar zaio, esklusibotasuna: eduki bereizietarako sarbidea; besteak baino lehenago irakurtzeko aukera; erabilera esperientzia hobetua, adibidez publizitaterik ez ikustea… Baina, batez ere, beraiek baino handiagoa den zerbaiten parte direla sentitzea lortu behar da: beraiek identifikatzen diren eta bestela lortuko ez luketen kausa bati laguntzen diotela sentitu behar dute.

Zeintzuk dira hedabideek erabiltzaileen atxikimendua lortu ahal izateko gakoak?
Batetik, funtsezkoa da esaten denaren eta egiten denaren arteko koherentziari eustea; bestetik, argitaratzen denak gauzak aldatzeko eragina izatea; eta bestalde, gardentasuna aipatuko nuke, garrantzitsua delako bazkideek beren dirua zertan erabiltzen den jakitea eta horiek kontuan hartzea. Gainera, erabiltzailearen esperientziak oso ona izan behar du; agindu bezala funtzionatuko du guztiak, eta horrela ez bada, ahalik eta lasterren konponduko da. Azkenik, gakoa da komunitatea eraikitzea eta komunitate horren parte izatea lagungarria izatea. Horrek sentiarazi behar dio erabiltzaileari ez dagoela bakarrik gero eta gogorragoa den errealitatearen aurrean.

Bazkideek zer eskatzen diote elDiario.es-i?
Amore ez emateko eta presioen aurrean ez etsitzeko, desinformazioak dakarren zarataren eta mehatxuen aurrean, kazetaritza zorrotzaren eta ausartaren itxaropena garelako. Beti presente daukagun erantzukizuna da hori; izan ere, egiten dugunarekiko duten fedeari maila berean erantzun behar diogu. Benetan hunkigarria da babesten gaituzten hainbeste pertsonaren egunerokoan eta bizitzetan zer eragin dugun ikustea. 

Sare sozialek zer rol dute bazkideen leialtasunean?
Sare sozialak oso kanal garrantzitsua dira gure edukiak argitaratzeko eta trafikoa hedabideetara bideratzeko. Bazkideekin hainbat sare sozialen bidezko harremana daukagun arren –Whatsapp eta Telegram taldeak barne–, harremanetarako gune nagusiak posta elektronikoa, aplikazioa eta webgunea dira, baita aurrez aurreko ekitaldiak ere.

elDiario.es hedabide orokorra da, eta lotutako edizioak ditu. Tokikoagoak diren edizio horiek plus bat dira bazkideak erakartzeko orduan?
Bai, erabat. Gure ikuspegiarekiko daukagun koherentzia erakusteko modu bat dira edizio horiek; hau da, ikuspegi nazionala dugu, baina ez zentralista. Erkidego autonomo guztietan edizioak dituen egunkari bakarra gara. Jendearengandik hurbil egonda bakarrik konta daitezke ondo haien errealitatea eta arazoak. Hori lurralde guztietako pertsonek baloratzen eta babesten dute, eta aukera dute bazkide gisa duten kuotaren zati bat nahi duten tokiko ediziora bideratzeko.

Bazkideen "koltxoia" edukitzeak askatasun handiagoa ematen al dizue zer gai landu eta nola landu aukeratzerakoan?
Bai; izan ere, bazkideak dira gure independentzia editoriala ahalbidetzen dutenak. Blindatu egiten dute hori. Ignacio Escolar zuzendariak dioen bezala, elDiario.es-eko kazetariak ez dira besteak baino ausartagoak, azkarragoak edo biziagoak. Baina abantaila handi bat dute: gure egitura ekonomikoa. Izan ere, egitura horrek, bazkideen kuotei esker, publizitatearen menpe bakarrik ez egotea ahalbidetzen digu. Horregatik argitara dezakegu beste batzuek kaleratu ezin dutena edo kaleratzera ausartzen ez direna eta boteretsuek jakiterik nahi ez dutena. Horregatik egin dezakegu kazetaritza, hori dena horrela izanik ere.