Martxan EUSKARAREN GINKANA-ren bosgarren edizioa

Erabiltzailearen aurpegia Topagunea 2016ko urr. 28a, 12:35

Kutxa Ekoguneak euskaraz eta euskararekin dibertitzeko antolatzen duen lehiaketa da Euskararen Ginkana, aurtengoan ere Azkue Fundazioarekin elkarlanean burutuko duena. Bi erakundeek euskara sustatzeko duten konpromisoan bat egin eta hizkuntza praktika ekologikoak sustatzea dute helburu. Bosgarren edizio honetan ere, Euskaltzaleen Topagunea izango da lehiaketaren koordinatzailea. 3.000 euro jasoko ditu talde irabazleak, euskararen aldeko egitasmo bat finantzatzeko. Izena emateko epea urriaren 17an hasi eta abenduaren 3an amaituko da. Informazio gehiago: www.euskararenginkana.eus


Bost urtetako ibilbidea duen proiektua da Euskararen Ginkana eta urtez urte, Kutxa Ekoguneak eragile eta kolaboratzaile ezberdinekin batera, euskara erdigunean izanik, hizkuntza-ekologia eta hizkuntza aniztasuna gaiak landu izan ditu.

Euskararen Ginkana euskaltzale zein kultura edo aisialdiarekin lotutako taldeen artean zabaldu den lehiaketa da: norbanakoen partaidetzatik taldekako parte hartzera eta Gipuzkoatik, Euskal Herri osora zabaldu dena. Bilakaera honen lekuko dugu gaurko aurkezpen ekitaldia: Bilbon, Euskararen Etxean,  emango zaio hasiera lehiaketaren 5.edizio honi, eta Donostian izango da finala, Ekogunean.
 

Aurtengo edizioaren gaia: Hizkuntza praktika ekologikoak

Munduko bioaniztasuna babesteko ekintzaile ekologisten lana eta ekintzak ezagunak ditugun arren, munduko hizkuntza aniztasunak ere babesa behar duela ez dugu horren barneratua. Hamabost egunero hizkuntza bat hiltzen ari den garai honetan, hizkuntzen aldeko ekintzaileak behar ditugu, hizkuntza-ekologistak!

Euskararen Ginkanaren 5. edizioan  hizkuntza-ekologistak izateko hizkuntza praktika ekologikoak hartu ditugu gaitzat. Gainditu beharreko probak eta galderak, hizkuntzen garapen jasangarrirako lagungarri gertatzen diren hiztun eta hizkuntza-komunitateen ekimen eta praktikei lotuak izango dira.  Hizkuntza aniztasuna bermatzeko erronka unibertsalari jolasaren bidez helduko diogu euskararen lurraldean eta tokian tokikoa babestuaz eta aniztasuna balioan jarriaz, mundu mailan ematen ari den homogeneizazioari aurre egiten diogu. Euskara biziberrituaz munduko hizkuntza aniztasuna ere babesten dugulako, mundu anitzagoa eraikitzen dugulako.

Lehiaketa

Bi fasetan gauzatuko da ginkana: lehenengo faseak 6 asteko iraupena du,  abenduaren 3an hasi eta urtarrilaren 19an amaituko da. Fase honetan www.euskararenginkana.eus webgunean astero argitaratuko diren probak gainditu beharko dituzte taldeek.

Bigarren fasea, final handiaren eguna da. Urtarrilaren 28an burutuko da  Donostian kokatuta dagoen Ekogunea parkean. Bertan lehen fasean puntu gehien lortu dituzten 4 talde parte-hartzaileak lehiatuko dira.

Parte-hartzaileak

Parte-hartzea taldekakoa izango da eta euskararen aldeko proiekturen bat gauzatu edo babesten duen talde, elkarte edo eragile bat ordezkatuko beharko dute. 4-6 laguneko taldeak osatu beharko dira parte hartu ahal izateko.  

Edozein talde motak hartu dezake parte lehiaketan: Taldeak egitura formalik gabeko lagun koadrila edo guraso zein ikasle taldeak izan daitezke. Baita egitura formala duten elkarte desberdinetako taldeak ere, hala nola, euskalgintzako elkarteak, kulturgintzako taldeak (musika, antzerki, bertso eskolak…), talde feministak, erakunde sozialak, talde ekologistak, tokiko enpresak, eta abar.


Izen-ematea

Izena emateko epea urriaren 17an hasi eta abenduaren 3an amaituko da. Izen-ematea gauzatzeko, www.euskararenginkana.eus webguneko formularioa betetzeaz gain, talde bakoitzak bere burua eta babestu nahi duen euskararen aldeko egitasmoa aurkeztu beharko ditu bideo labur batean. Aurkezten diren proiektu edo egitasmoak askotarikoak izan daitezke, aurrez martxan daudenak edo aurrerantzean burutu nahi direnak. Guztiak baina, euskararen aldeko ekarpena suposatu beharko dute, arloa edozein izanik ere: hezkuntza, aisialdia, kulturgintza, helduen euskalduntzea, erabilera sustatzeko egitasmoak ...

Informazio gehiago:     
www.euskararenginkana.eus / euskararenginkana@ekogunea.eus