Preferente mailako azken jardunaldia erdipurdikoa izan da gure taldeendako. Amigó talde izan zuen aurkari Lagun Arteak. Partida polita izan zen eta bi taldeak saiatu ziren, Amigó baloi geldiarekin min egiten eta Lagun hegaletik aukerak sortzen, baina baloiak ez zuen kontrako atean sartu nahi izan. Bigarren zatian saiakerek ere ez zuten fruiturik izan eta husnako berdinketarekin despeditu zen partida.
Beheko postuetan dauden bi taldeen arteko lehia izan zen Castillo de Tiebasen eta Etxarri Aranatzen artekoa. Etxeko taldea ez zen oso fin ibili; aldiz, Etxarrik hainbat jokaldi eder sortu zituen, baina zurtoinak batzuetan eta Tiebaseko atezainak bestetan, bere asmo onak zapuztuak izan ziren. Bigarren zatian bere horretan jarraitu zuten bi taldeek baina falta baten jaurtiketarekin aurreratu egin zen Castillo de Tiebas. Etxarri saiatu zen, baina baloia ez zen kontrako atean sartu eta hiru puntuak Tiebasen geratu ziren.
Lagunak taldea da liderra (48 puntu), Infanzones taldearekin puntutara berdinduta. Lagun Artea 12.a da (26 puntu) eta Etxarri Aranatz 13.a (23 puntu). Hurrengo jardunaldian, apirilaren 8an, Lagun Arteak sailkapenean 10.a den Castillo de Tiebas hartuko du eta Etxarri Aranatzek, aldiz, zazpigarrena den Beriain.