Asteburuan Montmelóko 24 orduak motoziklismo lasterketa jokatu da Bartzelonan. Larunbat eguerdian, 12:00etan, hasi zen proba eta 24 ordu beranduago, igande eguerdian zen despeditzekoa. 51 taldek hartu zuten proban, eta talde bakoitza 4 pilotuz osatua zegoen. Ordu bateko erreleboak egin behar zituzten talde bakoitzeko pilotuek, gelditu gabe.
Juan Mari Olias pilotu irurtzundarraren taldea ongi kokatu zen hasieratik. Proba hasi eta 6 ordutara Juanmarik atzeko gurpilean arazoa izan zuen; matxura konpontzea lortu zuten, posizio batzuk galdu zituzten baina berehala hasi ziren erremontatzen eta taldeak euren mailako hirugarren postura igotzea lortu zuen, sailkapen orokorreko zortzigarren postura. Hainbat ordutan maila horri eustea lortu zuten, baina 24 orduko lasterketatik 14 ordu bete zituztenean, Oliasen taldean erreleboa egiten ari zen pilotuak motorrean akatsa izan zuen eta motorra ez aurrera ez atzera gelditu zen. Lasterketa despeditzeko 10 orduren faltan proba utzi behar izan zuten pilotu irurtzundarrak eta bere taldekideek, pena handiz. Proba hasi zuten 51 taldeetatik soilik 31 taldek lortu zuten 24 orduko lasterketa despeditzea. Hala ere, Juan Mari Oliasendako esperientzia positiboa izan da, hurrengo urterako baliagarria izango dena.