Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) taldeko futbol koordinatzaile Alfonso Castellanok argi eta garbi azaldu digu erregional mailan dabilen Altsasu taldearen aurtengo helburua zein den: “Aurten anbizio gehiago dugu, gure helburua preferente mailara igotzea da. Aurreko urtean igoera faserako sailkatu ginen, 15 urte eta gero, eta aurten sailkatzea eta igoera faseko lehian buru-belarri egotea nahi dugu, preferentera igotzeko. Taldea badugu”.
Duela bizpahiru urte Altsasuko erregional taldea sortzea, trebatzea eta sendotzea zen helburua, taldea egitea, eta talde sendo hori dagoeneko egina dagoela iritzi dio Castellanok. “Taldeak oinarri sendoa du, iazko talde berbera baita. Ez dugu bajarik izan; jubeniletatik igo diren Aitor Lopez, Jon Lanz eta Jon Insausti eta futboletik kanpo egon ondoren taldera bueltatu den Migel Gomez dira dauden altak.
Entrenatzaileak ere, Benito Anguasek, ongi ezagutzen du taldea. “Aurreko denboralditik dago gurekin lanean, aurreko urteko abenduan hasi zen. Jokalariekin harreman bikaina dauka eta oso giro ona dago aldageletan. Futbola oso ongi ezagutzen du, Alaves eta Osasuna Promesas taldeko jokalaria izan zen, eta taldea ongi eramaten daki” gaineratu du Castellanok.
Altsasuk bikain ekin dio denboraldiari. Jokatutako sei partidetatik 4 irabazi ditu, 1 berdindu eta bakarra galdu. “Uste dut gaur egun sailkapenean goian dauden lau taldeak, Lagun Artea, Lagunak, Ardoi eta Altsasu izango direla erregional mailako lehen multzoko talde sendoenak; sorpresarik ez badago igoera faserako sailkatzeko faboritoen artean egongo dira” azaldu digu Castellanok. Hala ere, koordinatzaileak aipatu digu igoera faserako sailkatzea gauza bat dela, baina igoera fasea beste kontu oso ezberdina dela. “Erregionalean lau multzo daude eta multzo bakoitzeko lau talde onenak sailkatzen dira igoera faserako. Eta fase horretan edozer gerta daiteke, batzutan sekulako loteria da. Dena den, horrenbeste urte erregionalean egon ondoren, igotzea tokatzen zaigu. Ea hala den” aitortu du Castellanok.
Altsasu erregionala. 2018/2019
-Atezainak: Ekai Urkijo eta Miguel Gomez
-Defentsak:Mikel Cordero, Aitor Lopez, Paulette Vergara, Aitor Lara eta Gorka Martinez
-Erdilariak: Esteban Letona, Javier Guisado, Iokin Lobo, Jon Lanz, Jon Insausti, Xabier Ormazabal eta Jon Mendia
-Aurrelariak: Imanol Martinez; Joseba Lizarraga, Joseba Montoya, Raul Claver, Patxi Letona, Aitor Flores, Imanol Lobo, Eneko Garasa eta Christian Leon
Entrenatzailea: Benito Anguas