Nafarroako eguna ospatu zuten aurrekoan gure agintariek. Xabiergo gaztelu zaharrean eraikitako eliza hartan meza entzun zuten. Erdi Aroko errege edo jaun feudal bat bailitzan aldaretik hurbil, Nafarroako presidentea eseri zuten, aldarea eta tronuaren arteko akordioak irudikatzeko asmoz. Ondoren Iruña zaharrean, urrezko dominaz saritu zuten Once erakundea. Bapatean, Nafarroako Gorteen ereserkia entzun beharrean, Espainiako himno nazionala entzun zen areto zabal hartan. Lehen aldiz halakorik, agian norbaiti leunkeriaz koipea ematen saiatzeko, nork daki. Nafarroako egunean, Estatuko himnoa.
Gainontzeko autonomia erkidegoetan ulertuko ez luketena egiten, jabearen ferekak lortuko dituen zakurren pare. Gobernatzen gaituztenek nafar nortasuna ukatzen, foralista edo erregionalista zirenak zer ote dira orain? Koipezale leunkariak? Jezarlekua salbatzeko denak balio du, gure sinboloak baztertu eta besteenak inposatzeak barne. Onceri eman zioten saria, agian itsuek ez dutelako ikusten, guk ere haiek bezala ez ikusiarena eginen dugun itxaropenean. Itsu nahi gaituzte, gor eta mutu. Guztiok Oncen nahi gintuzkete, kritikarik ezin baitu egin autohumilazio hauek sentitzen ez dituenak. Lotsa sentitu beharko lukete nafarrak ordezkatzeaz, Nafarroa gobernatzeaz, garena suntsituz, garena ezkutatu eta ahaztuz, haien jezarlekuei eutsi eta irribarrea aurpegian dutela, tartalarietatik salbu sentitzeaz.