Nik, ordea, erantzun nion badaramagula jada gainean, doako mezuen truke eman ziguten multinazional boteretsu baten denda batean. Geolokalizatzaile potenteek gure kokaleku zehatza ematen diete aldioro. Nahikoa aplikazio bat deskargatzea gure bizitzaren ateak irekitzeko. Harritu egiten gara Estatu Batuen espioitza eskandaluekin, baina ez gara konturatzen gu geu garela informazioa zabaltzen dugunok. Argazki, bideo, pentsamendu, gustu edo etorkizunean egingo dugunaren berri ematen dugu etengabe, hau da, pribatutasuna zer den ere ahazten zaigu.
Bat-batean ohartzen gara larritasunaz, gure egunerokotasuna aldatzen denean, juergako argazki haiek baten batek deskargatu eta gure nagusiari bidaltzen dizkionean. Gure kokalekua salatzen duen mugikorrak gezurretan harrapatzen gaituenean. Guk esan ez genuena gure profilean argitaratzen dutenean, edota gure seme alabak sarean erasotuak direnean. Kontrol tresna bat da, gizartea kontrolatzeko helburuarekin egina. Laster salduko dizkigute politikariek publizitatzen dituzten Google-en betaurreko apartak, ikusten duguna haiek ere ikus dezaten. Pauso bat harago gizartearen kontrolean, kaleetan dauden kamarak desagertuko dira, gu geu izanen baikara kontrolatzaileak. Irrifarre batekin, teknologiaren aurrerapenek ematen diguten entretenimendu apartaz pozten garen bitartean.