Bizitzak hartu ditu berriz txoko guztiak. Elorriaren lorepean, berde argiak tindatu ditu mendiak. Zizazaleek kontuz emanen dituzte pausoak inork ezagutu ez ditzan beren zizategi preziatuak. Irudi ederra eguzkiaren argiak ematen digun bitartean. Ederra oraingoz behintzat, Beriainpean beste argi mota bat barreiatzear doa eta. Altzairuzko zutabe handietatik eskegitako kable mardulek Frantziako zentral nuklearretatik ekarriko duten argia. Belardietan, kirkirren kantua estaliko duen burrunba elektrikoak, gure osasuna airean daramana.
Gure baso zabalek nahiko lan kutsadura hori guztia xurgatzen. Gure Osasuna bezalaxe, bigarren mailan amaituko dugun beldur naiz. Bigarren mailako hiritar, agintarien mesprezuaz gure bailarak jasan behar baititu gaitz guztiak, onura apurrik jaso gabe. Gure hizkuntza bazterturik, errauskailuak alde batetik, argindarra bestetik, eta erdi erditik abiadura handiko trena Sakanan barrena. Esperantza badugu ordea, Osasuna jaitsiko ez den bezalaxe, argindarrezko autobidea geratuko dugun itxaropena. Horrenbeste kalte egin digun krisi honek, proiektu handinahi hauek geratzen lagunduko ote digun ustetan. Bitartean, udaberriko zizak dastatu ditzagun eta gorde dezagun memorian berde argiak tindatutako lur hau, elorriaren lore zuriez goza dezaten gure ondoren datozen belaunaldiek.