Telebistari darion etengabeko informazio horretan, batzuetan harrapa dezakegu entzutea merezi duen mezuren bat. Aurrekoan gertatu zitzaidan, igande arratsean, sofan jarri eta Jordi Evole harrapatu nuen Jose Mujika, Uruguayko presidentearekin hizketan. 79 urteko agurea bere lorategian txakur, katu eta oiloz inguratua zegoen. Haren itxurak ez zuen presidente batena ematen, jubilatutako pentsio murriztudun gizonarena baizik. Itxurak, ordea, filosofoa ezkutatzen zuen. Hark esandakoek argi erakusten zuten, gure Europa zaharreko politikaren kalitate eza. Ekonomiaren esanetara, lau urteko epe motzean arrakasta lortu nahian, Herria ahazten duten politikariez mintzo zen Mujika. Entxufatutako funtzionario desmotibatuez, Munduko goseaz, narkotrafikoaz edo bekaizkeriaz eta miserietaz hitz egin zuen. Kontsumismoaren etsaitzat zuen bere burua. Gizartearen etengabeko kontsumoak herritarrari zorigaitza baino ez zekarkiolako, bere bizia xahutzen baitzuen diru gehiago lortu eta gehiago erostearren. Dirua denbora zela zioen, gure bizitzaren denboraren truke ematen diguten dirusaria. Aberatsena gutxien behar duena da, gutxiago irabazi arren, bizitza osoagoaz disfrutatu dezakeena, alegia. Uruguaydarrak pozik egon daitezke beren agintariarekin, gureak pairatuko balituzte, horien argitasun ezaz harrituta azkar nazkatuko bailirateke. Ereduak behar ditugu, begira dezagun kanpora.