Euskal kondaira zaharretan ezaguna zen Bizkaiko lehen jaunaren jatorria. Urdaibaiko itsasadarrean atseden hartu zuen drakar bikingoaren barruan zetorren printzesa eskoziarrak Mundakan erditu zuen mutiko begi urdin haren istorioa. Euskaldunek haren aitaren berri ezin jakinik eta itsasontziaren brankan ageri zen sugetzar hura Sugoi jenioa zela sinetsirik haren seme izendatu zuten bikingo txiki hura. Jaun Zuria deitu zuten. Bertan hazi zen eta behin gizondu zenean, bizkaitarrak batu eta asturiar inbaditzaileak garaitu zituen Arrigorriagako guduan. Hona IX. mendeko kondaira, ipar europarrak gurean agertu zirenekoa. Gaur egun ere baditugu drakarrik gabe, baina gurera iritsitako daniarrak. Arbizuko eko-kanpinean eraikuntza lanetan hasita ugari ziren san juanetan Jaun Zuriaren urruneko ahaide hauek. Haien artean bizardun txima luze bat nabarmen. Lagunak jaioterritik ekarririk ere ezin izan zitzaizkien arbizuar sokatirako neskei plazan gailendu. Baina halako Erdi Aroko gesta lortu ezinik, harritu ninduen gauza batez ohartu nintzen, bi hilabete eta erdian euskaraz moldatzen ikasi izana eta beste hizkuntzak gogotsu bazterturik, arbizuarrak euskaraz mintzatzera behartzen zituela. Atzerritarrari beti erdaraz egin izan zietenek eta ingelesez moldatzen ziren haiek, hobe Jaun Zuri berri harekin euskaraz mintzatu. Nork jakin noraino iritsiko zaizkigun XXI. mendeko abenturazale nordiko hauek, baina, ez harritu, jartzen dizkioten gogoekin gure artean ospetsu bihurtzen badira.