Gaurko jada jakingo dugu eskoziarrek hartutako erabakiaren berri. Erresuma Batutik irten ala ez erabakia izango dute. Ipar Irlandan gatazka odoltsuek lortu ez zutena negoziazio bidez lortuko dute akaso eskoziarrek. Berrehun urtetik gorako batasuna bertan behera geratuko balitz, Europako beste herri askoren eredu bihurtuko litzake Edinburgoko agintarien arrakasta. Harrigarria da zinemaren eragina gai honetan. 1996an Braveheart filmatu zenetik, izugarri igo zen independentziaren aldeko eskoziarren kopurua. Mel Gibson aktore eta produktore australiarrak Sean Connery ezagunaren laguntza ekonomikoaz, sentimentu abertzaleak berpiztu zituen whisky upategietako highlander haien artean. Eskoziako futbol selekzioak Ingalaterrakoaren aurka jokatu baino lehen film hura ikusten zuen haien sentimenduak harrotzeko asmoz.
Film ezagunak erreferendumean duen garrantziari ezetzik esango dionik ez da gaur egun. Historikoki akats handiak dituen arren, kontatzen duen istorioa eskoziarrek entzun nahi luketena da, bidegabeki kaltetutako askatasunaren heroiaren heriotza hunkigarria. Historiaren erabilera interesatuaren adibide dugun Braveheart bezalako lanek argi uzten dute lagungarri dela epika sentimenduak puzteko orduan. Hala ere, iraganean oinarritu gabe, herri baten erabakia nahikoa izan beharko luke etorkizuna eraikitzeko. Iragana izan ginen, baina etorkizuna baino ez gara izango.